Ane URKIRI ANSOLA
DURANGO
WINTER SERIES

Errebotea zital bilakatu eta markagailua iraulita, Mugartegi-Aldazabal txapeldun

Lehen jokoan zalantzati agertu ziren horiak, eta Barrenetxea ausart bat eta Lejardi eroso bat gailendu ziren (15-10). Bigarrenean atzetik aurrera egin eta hirugarren jokoa behartu zuten Mugartegi eta Aldazabalek (11-15), kitean nagusitasuna erakutsiz (1-5).

Maialen Aldazabal eta Erika Mugartegi, txapelekin, alboan Arai Lejardi eta Helena Barrenetxea finalistak dituztela.
Maialen Aldazabal eta Erika Mugartegi, txapelekin, alboan Arai Lejardi eta Helena Barrenetxea finalistak dituztela. (Raul BOGAJO | FOKU)

Txantxarik ez, atzo, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Tentsioa, urduritasuna, txaloak, emozioak, kezkak... Denek bat egin zuten goraino bete ziren harmailetan, bai eta kantxan bertan ere. Kiterako jokoa lehiatu behar izan zuten lau puntistek, Winter Serieseko finalean, eta Maialen Aldazabalen negar malkoek, guztiz hunkituta, arestian aipatu osagarri guzti horien nahastearen adierazle dira.

Berriatuarra Erika Mugartegiren hauspoa izan zen, une zailenetan berau babesten, itxaropena ilundu zenean zama bizkarrera eraman eta berriro argia eskaintzen. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi oso nagusi izan ziren lehendabiziko jokoan, aurrelari markinarraren akatsez nabarmendu zenean. Lehen sakea, eskas; sakea berreskuratuta ere (2-1), bigarrena eskas... Mugartegiren bertutea segurua izanik ere, lehen jokoan zalantzan jarri zen dena.

Durangoko puntista eta Banakako txapelduna erosoago aritu ziren kantxan. Durangarrak errepikatu zituen finalerdietako tantoak ere, bizitasuna eskainiz segurtasunari, oldarkortasunaren aurpegia erakutsiz (5-2). Gaizto bidalitako bi pilotakadekin Mugartegik estutu zuen markagailua, bere bertsiorik onena erakusteke zegoen seinale. Horiek kateatu zituzten, baina akatsak -Atain III.enaren errebotea kanpora eta errematea txapara- izan ziren, eta marroiek bideratuta ikusi zuten lehendabiziko jokoa (10-5).

LEHEN SETA, MARROI

Marroiak gusturago ibili ziren kantxan, eta azken txanpan ere aurrean bizkor aritu zen Barrenetxea, publikoaren zati handi bat bereganatua zuela -horma biko ederra egin zuen 12-6koa sinatzeko-. Mugartegik atzera botatako batek berriz ere goia jo zuen (13-6). Lehen jokoaren kolorea marroia izan zen, finalerdietan zital aritu zen bikotearena. Gainera, finaleko lehen zati honetan, Lejardi ere sasoiko azaldu zen -finalerdietan zalantzati agertu izana onartu zuen berak ere-.

Hala, horiak pilotalekuari neurria hartzen hasiak ziren arren, lehen seteko markagailua apaindu beste erremediorik ez zuten izan (15-10). Azken erreakzio hau, ordea, zetorrenaren zipriztina besterik ez zen. Badirelako segituan egokitzen diren puntistak, baina badira denbora behar dutenak ere. Diesel motordunak, martxa hartuz gero geldiezinak izan daitezkeenak.

Ezaugarri horiekin definitu dezakegu Erika Mugartegi, finala nola hasi eta nola bukatu zuen ikusita. Baina are gehiago Maialen Aldazabal. Erregularra dela diote, eta ez da arrazoirik falta hori esateko. Lau puntisten artean bera zen zaharrena (18 urte) eta Mugartegiren zaindari bilakatu zen, zentzu osoan.

Hartu zuen tantoen erantzukizuna bizkarrean eta animatu zuen Mugartegi, bere eskumarekin zital aritzeko. Eta Erika Mugartegi “Atain III.enaren” zitalkeriarekin kutsatu zen errebotea, Barrenetxea eta Lejardirentzat ezinezko pilotakadak bilakatuz.

ALDAZABAL HAUSPO

Kolpeak trukatu zituzten jokoaren hasieran (3-3) eta marroiek lortu zuten 4-0eko partziala ere, finala bideratu zezakeena. Baina orduan agertu zen Aldazabal, zentzuz eta amorruz beteriko pilotakadekin; erortzen uzten zituenekin, bien artera botatakoekin, eta batu zen Mugartegiren errebote zitalarekin. Tartean, Atain I.aren aholkuak, harmailatik, adi baina urduri, bere alabak Winter Serieseko bigarren txapela irabazteko ilusioz.

Errebotera indartsu jaurti eta markagailua irauli zuten horiek (7-8), atsedenaldira aurretik joanda. Hasi ziren urduritasun zantzuak marroiengan ere. Helenak pilota erraz batzuk huts egin zituen, gero, segidan, beste pare bat tanto eder utzi zituen arren. Saiatu zen Lejardi atzetik agintzen, baina aginte makila Mugartegik hartuta zeukan jada, Aldazabalen hauspoarekin (11-15).

Kiterako, atzetik aurrera eginda iritsi ziren horiak, Mugartegiren eskuina ongi berotuta eta errebotearekin adiskidetuta, zitalkeriaz, indarrez, garaipena eskuratzeko.