GARA Euskal Herriko egunkaria

Ehun atxikimendu baino gehiago osasun publikoaren alde

Datorren larunbatean osasun publikoaren alde egingo diren manifestazioekin bat egin dute 120 elkarte, eragile eta alderdi politikok. Bilbon Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 12.00etan; Gasteizen, Bilbo plazatik, ordu berean, eta Donostian, Bulebarretik, 17.00etan.

Manifestazioekiko atxikimenduen berri emateko Gasteizen izandako prentsaurrekoa. (Endika PORTILLO | FOKU)

120 elkarte, eragile, sindikatu, gizarte mugimendu eta alderdi politikok babesa eman diete OPA Osasun Publikoa Aurrera Herri Plataformek datorren martxoaren 16rako Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioei.

Besteak beste, honako hauek egin dute bat deialdiekin: Alternatiba, Salhaketa, Berri Otxoak, CNT Sindikatua, EH Bildu, ELA, ESK, Eusko Alkartasuna, Ezker Anitza, Kakitzat, LAB, Mugarik Gabe, Podemos-Ahal Dugu, Satse, CGT, Sortu eta UGTk.

Horren berri emateko eta mobilizatzera deitzeko atzo Gasteizen emandako prentsaurrekoan -Barakaldon eta Tolosan ere egin zituzten agerraldiak- Amaia Etxebarriak eta Koldo Lopez de Viñasprek egungo osasun sistemak jarraitzen duen eredua «pribatizazioaren eredua, behin-behinekotasunarena eta osasun pribatura bideratzearena» dela salatu zuten.

«Beste herrialde eta eskualde batzuetako esperientziak erakusten digu publikoa bere eredu neoliberalaren arabera kudeatzeak porrota, hondamena, gizarte pobrezia eta desberdintasuna baino ez dituela ekartzen», gaineratu zuten hedabideen aurrean.

Deitzaileen ustez, Lakuako Osasun Sailak «Administrazio Kontseilu opaku eta ez demokratiko gisa» eta herritarren iritzia kontuan hartu gabe funtzionatzen duenez, «parte-hartze politikorako dugun eskubidea erabiliz, Osakidetzak gure osasun beharrei eraginkortasunez eta egoki erantzuteko lan egingo duen klase politiko bat» aldarrikatu zuten.

Gasteizi dagokionez, Alde Zaharreko osasun zentro berriaren atzerapena, auzo horretan pediatrarik ez dagoela, Santiago Ospitaleko larrialdi zerbitzuaren itxiera eta San Martingo Etengabeko Arretako Gunearen itxiera gogorarazi zituzten.

«Osakidetza ez da beraiena. Gurea da. Erabiltzaileena da, langileena da. Eta argi daukagu bizirik iraungo duela, defendatzeko prest dagoen jendea dagoen bitartean», amaitu zuten Etxebarriak eta Lopez de Viñasprek.

Honako hauek dira, antolatzaileen arabera, mobilizazioen helburuak: «Osasun publiko unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa exijitzea; pribatizazioari eta, batez ere, lehen mailako arretaren etengabeko desegiteari aurre egitea; aurrez aurreko arreta berreskuratzea, itxaron-zerrendak murriztea; zaintza sistema publiko, duin eta integrala bermatzea eta hizkuntza eskubideak errespeta daitezela».

Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da 12.00etan; Gasteizkoa, ordu berean Bilbo plazatik, eta Donostian, Bulebarretik aterako dira manifestariak, 17.00etan.