GARA
IRUÑEA

Euskara inklusio hizkuntza bezala aldarrikatu du Sortzenek

Sortzenek «Euskara ON! Euskara piztu» kanpaina abiarazi du, Nafarroako migratzaileen artean euskararen inklusioa sustatzeko, eskola aurrematrikulan aukera integratzaile gisa duen garrantzia nabarmenduz.

Atzo aurkeztu zuten kanpaina, Iruñean.
Atzo aurkeztu zuten kanpaina, Iruñean. (SORTZEN)

Sortzen euskarazko eskolen aldeko elkarteak “Euskara ON! Euskara piztu!” kanpaina abiarazi du, Nafarroako datorren ikasturterako aurrematrikula prozesuaren atarian, euskara migratzaileentzat inklusiorako bide gisa aldarrikatzeko.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroan aurrematrikulazio epea martxoaren 18tik 22ra izango dela iragarri zuen, eta Sortzenek mezu bat helarazi die herrialdeko gizarte osoari eta, bereziki, etorkin jatorriko familiei, euskara aukera integratzaile gisa erakusteko.

«Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatuta dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, denon ardura baizik. Funtsezkoa da harrera egokia egitea, kulturartekotasuna lantzea, elkarrekin aberastuz», adierazi zuen elkarteak prentsa ohar batean.

«Errealitatea oso bestelakoa da; sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura bidean. Izan ere, A eta G eredura bideratzen dira haien haurrak, beste aukerarik eman gabe», salatu zuten. Gaineratu zutenez, «bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste dugu, eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie».

Aurten Sortzen elkarteak eta NIZEk elkarlanean jatorri migratua duten familiei «eskua luzatu» eta elkarrekin urrats bat egin nahi dute: «Euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu».

Jatorri migratuko familia asko eleaniztunak direla azaldu zuten, hots, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute, eta kasu batzuetan hizkuntza horiek gutxituak direla uste dute. Horrek euskararekin lotura sentitzera bultza ditzakeela iruditzen zaie: «Gurea ere hizkuntza gutxitua da; gainera, Nafarroako herritarroi oraindik ere hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera». «Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu», azpimarratu zuten.

Sortzenen iritziz, hizkuntzaren aukeraketak garrantzi handia du Nafarroako haurren etorkizunean; izan ere, «familiek aukeratzen duten hizkuntzaren arabera, belaunaldi berrien etorkizuna ezberdina izango da».

«Aurtengo kanpainaren leloarekin euskarak denon bizitzak argiztatu, piztu ditzan nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu», adierazi zuten.

Hala, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia egin nahi izan zien Sortzenek haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. «Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak egiteko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara», ohartarazi zuten.

Kanpaina hau osatzeko, Iruñeko San Frantzisko eskolako hainbat gurasorekin bideoak grabatu ditu Sortzenek. Haietan beren erabakiaren inguruan hitz egiten dute, izan zituzten zalantzak partekatu eta esperientzia nolakoa izaten ari den azaltzen dute.