Jon ORMAZABAL
PILOTA

Hamarkada batean interesik galdu ez duen derbi adeitsua

Artolak eta Imazek ia elkarrekin egin zuten debuta profesionaletan. Igandean Astelena beteko dute, Binakako finalerako azken txartelaren bila.

Artola eta Altuna, 2014ko Promozio mailako finaleko jokaldi batean.
Artola eta Altuna, 2014ko Promozio mailako finaleko jokaldi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kontrakoa frogatzen asko saiatzen diren arren, Iñaki Artolaren eta Jokin Altunaren arteko derbia izan daiteke gertutasuneko partida batek interesa izateko oldarkortasunik behar ez duenaren adibiderik garbiena. San Juan inguruan beteko dira auzo herrietako bi pilotariek, profesionaletara jauzi egin zutela eta hamarkada bat geroago, eta elkarren arteko partidek frontoi industrialak betetzen jarraitzen dute. Duela hiru aste, txintxarriak, gaixorik, jokatu ezin izan zuen play offeko demak Tolosako Beotibar bete zuen ostegun buruzuri batean -Artolak, gaixorik, ez zuen jokatzerik izan- eta igandetik ez da sarrerarik geratzen Katedraleko partidarako. Elkarren artean bi urteko aldea duten arren, Artola zaharragoa da, «Iñakik eta nik txiki-txikitatik elkar ezagutzen dugu. Oso gertuko herritakoak gara eta lagun asko konpartitzen ditugu. Nik jokatzen ez badut, nire zaletuetako asko Artolaren aldekoak dira, eta alderantziz. Gainera, pilotalekuetara jendea inguratzen dugun bi pilotari gara», azaldu zuen atzo Altuna III.ak.

Derbi honek duela hamar bat urte egingo zituen bere lehen urratsak, bi pilotariek afizionatu mailako gorengo mailan topo egin zutenean. Profesionaletara jauzi egin aurreko azken finala Zumarragan jokatu zuten elkarren aurka, Goñiren omenezkoan; eta Urruzolak lagunduta, amezketarrak eraman zuen txapela, Artola-Erostarberi 22-19 gailenduta.

Altunak 2014ko San Juan egunez debuta egin zuen Eibarren Asperekin, lau egun geroago alegiarrak, Tolosan, orduko Asegarcerekin. Elkarren arteko lehen finalerako ez zen askorik itxaron behar izan, negu horretan bertan Promozio mailako finala jokatu baitzuten Donostian, orduan ere sekulako ikusmina piztuz. Fisikoki askoz eginagoa, Iñaki Artolak ondo menderatu zuen amezketarra, baina ordutik Aspekoa izan da txapelak, lehen mailakoak, gainera, eskuratu dituen bakarra.

Duela hiru urteko Manomanistako finalak izan behar zuen orain arteko derbi honen punturik gorena, baina Iñaki Artolak uko egin behar izan zion bere biziko partida behar zuenari, min hartuta.