GARA Euskal Herriko egunkaria

Hamar artistarekin egindako serigrafiak ikusgai ditu Usoa Zumetak

Bere ibilbidean zehar bidelagun izan dituen hamar artisten lanez osatutako erakusketa dauka ikusgai Usoa Zumetak Donostiako Arteztu galerian. Nestor Basterretxea, Elena Asins, Jesus Mari Lazkano, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, besteak beste. Zorionekoa da, Euskal Herriko puntako sortzaileekin aritzen da, eskuz esku. Serigrafiaren etorkizunaren gaineko kezka ez du ezkutatu.

Usoa Zumeta serigrafia egilea, Donostiako Arteztu galerian duen erakusketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Sericum-Graphé”. Hamar sortzaile eta hamabost lan. Nestor Basterretxea, Elena Asins, Jesus Mari Lazkano, Jose Antonio Sistiaga, Dora Salazar, Jose Luis Zumeta, Koldobika Jauregi, Vicente Larrea, Ana Roman eta German Gargano. Denak dira euskaldunak, azkena izan ezik. Buenos Airesen zegoela ezagutu zuen Gargano. «Erakusketa bat ikusi nuen, izugarri gustatu zitzaidana. Sorpresa izan nuen. Eta hona etortzera gonbidatu nuen. Animatu egin zen eta elkarrekin lan egin genuen; oso lan bikaina atera zen», esan du.

Ibilbidean zehar egindako hainbat artelanen aukeraketa da Donostiako Arteztu galerian apirilaren 13a arte ireki duena. Lehenengoa Elena Asinsena da, 2009. urtekoa. Zarauzko malekoian daukan “Canon 22” obrari erreferentzia egiten dion diptikoa da. Eta azkena, Koldobika Jauregirena, urre eta urdin kolore biziengatik arreta pizten duena.

Pieza handiena Jose Luis Zumetarena da. «Lan honekin formatu handiko seriea hastekoak ginen, baina hil egin zenez ezin izan genuen jarraitu. Hau eta beste bi, haiek tamaina txikikoak, dira egin genituen azkenak. 2019ko udazkenean izan zen», kontatu du.

Aitarekin abiatu zuen egitasmoa beste sortzaile batzuekin saiatzeko asmoa agertu digu. «Formatu handikoa egitearena beste artistekin jarraitzea ari naiz pentsatzen».

Jose Antonio Sistiagarekin eta Nestor Basterretxearekin 2013an elkarlanean egindako beste bi lan ere ikus daitezke horman eskegita: “Suit erotica” serieko lan bat -«nik diskretoagoa nahi nuen, baina berak esplizituagoa aukeratu zuen»- eta “Los precisos límites de unas sombras”, hurrenez hurren. Jose Luis Zumetarekin gertatu bezala, Nestor Basterretxearen heriotzak ere arnasa luzeagokoa izan nahi zuen proiektua eragotzi zuen. «Aitak eta biok argitaratu genuen ‘Oi bihotz’ ikusi zuen eta antzeko zeozer nahi zuen. Baina konturatzen ginen ez genuela horretarako denborarik izango. Liburua konplikatua da, oso. 25 serigrafia egitea erabaki genuen eta sei egin genituen. Deskubrimendua izan zen niretzat Basterretxearekin lan egitea», kontatu du.

Dora Salazar da aukeratutako beste artistetako bat. 2019ko obra bat jarri du ikusgai. «Urte askoan egin dut berarekin lana», esan du.

Ana Romanek ere badu bere txokoa. «Oso interesgarria da. 2018an egin nuen berarekin lana. Pieza mekanikoak elkar josiz figurak osatzen ditu».

GONBIDAPENA

Arteztu, artelan garaikideak erakusten diren galeria eta elkargune izateaz gain, artea erosteko, sortzeko/ekoizteko eta zabaltzeko gunea da. Iker Antiarengandik jasotako gonbita izan zen erakusketa honen abiapuntua. «Jose Luis Zumeta ezagutu nuen, pare bat aldiz etorri zen galeriara, eta nik ezagutu eta laster joan zenez bere lanak hona ekartzeko arantza geratu zitzaidan. Usoarekin harremanetan jarri nintzen», esan du galeriaren jabeak.

Aitarenaz gain, beste artisten lanez osatzea proposatu zuen Usoa Zumetak. «Aitak ez zuen hainbeste obra utzi eta dosifikatzen saiatzen naiz», azaldu du. Gustura geratu dira.

Behin beste bidea hartuta, Usoa Zumetaren meritua nabarmendu du. «Guztiak, oso desberdinak izanda ere, berak gidatu ditu artista denak teknika honetan». Serigrafien exekuzioa nabarmendu du galeristak. Ez du lanean ikusi, baina emaitza begien aurrean izatea nahikoa du bere jardunaz ohartzeko. «Zazpi urtez aritu nintzen fabrika batean serigrafia industrialean. Milimetrora egiten du lan Usoak, sekulakoa da. Esaterako, Elena Asinsek eskatzen zion zehaztasuna aipatu izan dit erakusketa prestatzerakoan; errepikatu eta errepikatu ondo atera arte», azaldu du.

«Serigrafiaz dugun ideia da oso lan planoak direla, baina hemen oso artelan desberdinak dira. Teknikak ze aukera ematen dion ikusten da», nabarmendu du serigrafia egileak. Berea zeregin teknikoa dela argitu nahi izaten du Usoa Zumetak. «Bere esanetara nago. Iritzia eskatzen badidate, zer egin daitekeen esango diet, proba desberdinak egingo ditugu, baina azken hitza eurena da beti. Eta eskua ere beraiena da. Fotolitoak artistek egiten dituzte. Asinsenak eta Sistiagarenak salbuespena dira, lehenak ordenagailuz egiten zuen lana eta bigarrenarena 1970 ingurukoa da».

Talde lana da. «Lazkano, adibidez, bere ideia buruan zuela etorri zen, baina berak interpretatu zuen obra. ‘Svalbard III’ (2019) ikus daiteke erakusketan. GARA egunkariaren ArteaGARA kanpainarako -espolioari aurre egiteko- propio egindako ‘Svalbard I’ serigrafiak ireki zien bidea biei. «Inoiz ez nuen pentsatu berarekin lan egin ahal izango nuenik. Pentsatzen nuen bere margoa eta serigrafiaren teknika ezin zirela uztartu. Deskubrimendua izan zen. Beladuren bidez lortu nuen. ‘Svalbard III’ lanak hamar geruza ditu, eta ‘Svalbard III’-ek, berriz, hamalau», argitu du.

«Artista denek dute exijentzia maila handia prozesuan, exijentzia bera dutelako beraien lanarekin. Baina egia da obra batzuetan milimetro erdiko ajusteak ez duela axola, baina beste batzuetan bai», esan du Usoa Zumetak.

Ezustekoei irekita aritzen da. «Kontuan izan behar dituzu teknikak berarekin dituen mugak eta ze etekin atera diezaiokezun. Askotan ezustekoak daude eta merezi du hori ere aprobetxatzea», esan du.

OFIZIOA, KINKAN

Euskal Herrian urriak dira serigrafiara dedikatzen diren pertsonak. «Donostia inguruan Laureano Olaetxea -erretiratu berria- eta biok aritu izan gara. Gainbeheran dago. Batetik, material gabezia dago, gero eta zailagoa da eskuratzea eta, bestetik, merkatuak berak ere ez du laguntzen. Ez dago mugimendurik. Beharko genuke galeristek gehiago inbertitzea honetan, edo enpresek... Ez du hainbesterako ematen, enkargu oso gutxi daude. Tailerra martxan dago; Koldobika Jauregirekin egin ditut azken piezak, baina bidea gero eta itxiago ikusten dut. Pena ematen dit», aitortu du.

Kasu askotan Usoa Zumeta bera da artistarengana zuzenean jotzen duena. «Gustuko ditudanak aukeratzen ditut. Eta berarekin egiten dut aukeraketa, teknikoki zein egokituko den hobeto serigrafiara».

Zorionekoa da. Euskal Herriko puntako artistekin eskuz esku aritzen da. «Bakoitzarengana moldatu behar, lan prozesuan. Ni nahiko kaotikoa naiz tailerrean. Artista nolakoa den arabera mahaia libre uzten diot bertan lan egin dezan. Batzuk lurrean ere hasiko lirateke lanean; besteek euren tokia behar dute», kontatu du irribarrez.