GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ikuskizun aparta Labriten, kontzeptuaren zentzurik «zabalenean»

Zabalak eta Zabaletak sekulako erakustaldia emanda itxi dute finalerdietako ligaxka. Zabalaren hamargarren garaipena da segidan.

Javier Zabala, protagonista atzo Labriten, tanto bat ospatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Peio Etxeberriak eta Zabaletak Binakako Txapelketan osatu duten bikote apartak maila bertsuko ordezkoa aurkitu du Javier Zabalarengan. Errioxarrak ordezko moduan bosgarren partida zuen atzokoa, eta guztiak irabazi ditu: bi Zabaletarekin eta hiru Martijarekin. Guztira, jokatu dituen azken hamar partidetan garaile izan da. Eta irabazi bakarrik ez, sekulako ikuskizuna eskaini zuen, gainera, Naiarakoak.

Katedrak faborito argi jo zituen hasieratik Aspekoak, baina Jaka eta Eskiroz aurreratu ziren markagailuan: 4-0 lehenik, 6-2 gero. Jokoan sartzea apur bat kostatu zitzaion Jose Javier Zabaletari, eta Erik Jaka, aldiz, oso erasokor aritu zen lehen pilotakadatik, bost erremate ikusgarri sinatuz lehen tanto horietan.

Baina apustulariek usaimen ona dutela argi geratu zen beste behin. Zabalaren sotamano ikusgarri batekin egin zuten lehen tantoa urdinek, eta gustuko pilota atera orduko jokoa erabat aldatu zen. Zabala eta Zabaleta argi nagusitzen hasi ziren piloteoan, eta aurkariak, oso behartuta jokatzen. 6-2kotik 6-7ra igarota markagailuan aurrea hartu zuten, eta nagusitasun horri azken unera arte eutsi zioten.

Zabaletak aspaldidanik ondoegi ohituta gaituenez, aipamena Javier Zabalak merezi du batez ere. Errioxarrak 13 tanto egin zituen jokoan, bi gehiago sakez, eta bi pilota bakarrik galdu zituen. Ikuskizun aparta eskaini zuen eta, orain arteko bere ibilbidea ikusita, aipagarria da batez ere erabaki oso zuzenak hartu zituela une oro: pilota noiz atzeratu, noiz sartu errematera, noiz eta nola egin keinua aurrean pilota Zabaletari uzteko...

Pilotalekura hurbildu ziren zaleek majo gozatu zuten, eta azken unean Zabaletak berak ere opari eder bat gordeta zeukan beraientzat. Edo bi, hobeto esanda. Neurketako azken-aurreko tantoan etxarrendarrak pilota aurre-aurrean harrapatu eta sekulako pilotakada jo zuen, pilota ia hormatik hormara jo eta zuzenean errebotean sartuz. Gutxigatik ez zuen lortu, baina eromena izan zen ikusleentzat. Azken tantoan berriz saiatu zen, eta berriz ere oso gutxigatik ez zuen lortu, baina ikuskizuna Eskirozek osatu zuen, zesta-punta edo erremontekoa zirudien errebotea eramanez.

ETA GAUR EIBARREN

Tentsio gehiago izango da gaur Eibarren, bertan erabakiko baita bigarren bikote finalista: Altuna-Martija edo Artola-Imaz.