Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Baskoniaren garaipena eta Howarden hirukoen errekorra Granadaren aurka

Orotara 37 puntu sartu zituen eskolta estatubatuarrak, tartean 10 hiruko gauzatuz, bere garaian Teletovic eta Stonbergasek ezarri zuten 9 hirukoen langaren gainetik. Garaipen garbia izan arren, Granadak duintasunez jokatu zuen Buesa Arenan.

Beste behin, foku guztiak Markus Howardek bereganatu zituen.
Beste behin, foku guztiak Markus Howardek bereganatu zituen. (A. BOUZO | ACB PHOTO)

Abiada bizian, arrapalada betean, jokatu zuen atzo Saski Baskoniak Granadaren aurka. Hirukoz hiruko lortu zuen ACB Ligako hamalaugarren garaipena talde gasteiztarrak eta alde nabarmena izan bazuen ere, eta partidak hanka egiteko arriskurik ia sekula ere ikusi ez arren, uste baino lan handiagoa eman zion talde andaluziarrak arabarrari.

Alabaina, ordainetan Markus Howarden errekorra ere bizi izan zen Zurbaon. Joan den asteburuan Bartzelonaren aurka erdietsitako 37 puntuak berdindu zituen atzo ere, baina honako honetan 10 hiruko saskiratu ostean -14 ahaleginen ondoren-; hau da, Saski Baskonian sekula hiruko gehien sartu zituzten Teletovic eta Stonbergasen 9 hirukoen langa gainditu zuen estatubatuarrak. Ez da, nolanahi ere, ACBko jokalari baten marka handiena, Bartzelonan ari zela Jacob Pullen antolatzaileak 12 sartu baitzituen behin.

Markus Howarden erakustaldiaz gain, gasteiztarrek, oro har, 6,75 metroko marraz atzetik egundoko txikizioa eragin zioten Granadari. Orotara 33 ahaleginetik 19 sartu zituzten Dusko Ivanovicenek.

Hala ere, Granadak duintasun osoz eutsi zien 40 minutuei. Erasoan 15 errebote harrapatu zituzten eta 10 puntu edo gehiago sei jokalarik saskiratu zuten. Hala, Howarden 37 puntuez gain, Monekeren 20 puntuak ere ezinbestekoak izan ziren partida buruko minik eta izerdi hotzik gabe aurrera ateratzeko.

Bestalde, aspaldiko partez Chris Chiozzak (otsailaren 9tik jokatzeke) eta Joseba Kerejetak ere tartea izan zuten kantxan eta, txarrena bera ere, Chima Monekek ezkerreko orkatila okertu izana, itxura batean ez zen hainbesterako izan.