Iraitz MATEO
KORRIKA 23

Kilometro guztien testigu, Gorritik eta Mendiburuk sortutako lekukoa

Eskuz esku igarotzen da bi urtean behin Korrikaren lekukoa.
Eskuz esku igarotzen da bi urtean behin Korrikaren lekukoa. (Patxi BELTZAIZ)

Ikurrina distiratsu bat darama, 36 zentimetro luze eta hiru eta erdi zabal dituena. 719 egunez hartzen du atseden, eta hamaika egunez hogeita lau orduz dabil martxan. Hamaika egunez 2.300 kilometro inguru. Milaka pertsonaren izerdi, malko, min eta ametsak pilatzen ditu haritzezko egurrean. Ezaugarri horiek ditu Korrikako kilometro gehien egiten dituen protagonistaren fitxak; lekukoak, hain zuzen ere.

Lekukorik gabe ez legoke Korrikarik, berak daramalako herriz herri helmugan irakurriko den mezua, eta bera delako eskuz esku herritar guztiak bateratzen dituena. Baina izan zen buruhausterik bere sorreran. Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980an; Juan Gorriti eskultorea izan zuen hasieratik konplize eta bidelagun.

Gorritik behin baino gehiagotan kontatu izan du nola abiatu zen lekukoaren abentura: «Remigio nire etxera etorri zen eta esan zidan: ‘AEKkoek lekuko bat egitea enkargatu didate’. Almeriza [baratxuria txikitzeko morteroa] eskuan hartu eta esan nion: ‘Hau gure munduan, gure historian, gure baserriaren lekuko bat da’». Horixe eraman zuen Gorritiren etxetik Mendiburuk, eta inspirazioa bertan topatuko zuen, hori oinarri hartuta sortu baitzuen lekukoa.

ALDAKETAK LEKUKOAN

1980tik 1988ra bitartean erabili zen lekuko hura. Eta ordutik aurrera, Gorritik egindako kopia da eskuz esku dabilena. Aldaketa batzuk egin zizkion. Lehenengo lekukoa pago egurrez egina zen, baina pagoak nekez ezkutatzen du denboraren joana eta, horregatik, makina bat aldiz konpondu behar izan zuten alanbrearekin eta zintarekin txatalak eginez. Esperientzia horretatik ikasita erabaki zuen Gorritik haritz egurrez egitea lekuko berria; duela 1.500 urteko ezpal batekin egin zuen.

Gorritik bazuen beste «obsesio txiki bat». Lehenengo lekukoak ez zuen mezua sartzeko hari edo erroskarik, eta eskultorea beldur zen mila eskutatik igaro ostean ireki eta galduko ez ote zen. «Erroska izan behar zuen, ez kilometro batean, ez bitan, inork ez irekitzeko modukoa, ‘sekula sekulorum’ ez irekitzeko modukoa», aipatzen zuen. Esan eta egin, erroska berezia egin zion, eta ongi itxita geratuko zela ziurtatzeko Lizarrako lagun batengana ere jo zuen.

Kezkatuta egoteko motiborik bazuen Gorritik. Izan ere, 1980ko azaroan, lehen Korrikan, mezurik gabe iritsi zen Bilbora Korrika. Rikardo Arregik 1966an idatzitako gutuna zeraman barruan, eta kopia bazuten arren, momentuan inprobisatzea tokatu zitzaien irakurri zutenei; bigarren edizioan irakurri zen Arregiren mezua. Hori errepikatu ez zedin egin zuen lan Gorritik.

IKURRINA TUTERAN

Badago inor gutxik dakien beste bitxikeria bat: hasieran, lekukoak ez zuen ikurrinik. Lehenengo edizioan ikurrinik gabe abiatu zen, baina Tuterara iristean norbaitek jarri zion, eta orduz geroztik beti izan du.

Zazpigarren Korrikan lekukoaren egilea izan zen omendua, Mendiburu bera; «sortzailea Remigio da, nik mejoratu egin dut», esan zuen Gorritik berak. Gaur egun, San Telmo museoko erakusketa iraunkorrean dago Korrikako lehen lekukoa, “Modernitatearen hasiera” deritzon atalean.