GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakume baten bidaia mitologikoa oin puntetan hasten da

Adimen artifizialaren garaiotan, gizakion sustraietara -alegia, mitologiara- itzultzeko gonbita egingo du Olaeta Ballet elkarteak bere ikuskizun berriarekin. Urtero legez, Bizkaiko euskal kulturaren munduak konpainia historiko honekin hitzordua du, eta aurtengo egutegian markatuta dagoen data martxoaren 24a da. Arriaga antzokian osagai anitz elkartuko dira taularen gainean: Jon Maia, 40 dantzari, 25 emakumeko abesbatza, orkestra bat...

Uxue Ortueta, Anbotoko Mari. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko erdigunean dagoen Escolapioen eskolan iluntze honetan jo eta su lanean ari dira, martxoaren 24an (19.00etan) egingo duten emanaldiari begira zintzilik gelditzen diren azken gauzatxoak findu nahian. Urtean zehar gela hauetan dantza klasiko eta euskal dantza klaseak ematen dituzte, haur zein helduentzat. Beraz, esan daiteke datorren 24koa izango dela Bittor Olaetak sortutako elkartearen urteko hitzordurik nagusiena; urtetik urtera hiriko antzoki nagusia lepo ikusi ohi da, sustrai sendoak baititu konpainia honek hirian.

Baina nortzuk dira olaetatarrak, eta zergatik mantendu da bizirik haien ondarea? Segundo Olaeta (1896-1971) euskal folkloreak izan duen ikertzaile handienetako bat izan zen; Bittor Olaeta semeak (1922-2007), aitaren musikarekiko maitasuna oinordetzan jaso eta musikaria, dantzaria eta koreografoa izan zen. Nobela batetik ateratako pertsonaia dirudi, bizitza erabat nobeleskoa izan zuelako, beti dantzari lotuta eta abenturaz abentura jauzi eginez: 36ko Gerraren eraginez, aitak sortutako Elai Alaiko dantzariekin erbesterako bidea hartu eta, Eresoinkarekin batera -Luis Mariano eta Pepita Enbil, Placido Domingoren ama zena, bertako partaideak ziren-, Euskal Herriko kulturaren enbaxadore lana bete zuten nazioarteko agertoki anitzetan.

Bittorrek euskal folklorea balletaren mailara igotzea lortu zuen, dantza klasikoa eta euskal dantza herrikoia bat eginez. 40ko hamarkadan Euskal Herrira itzuli ahal izan zuen sendiak, eta Bittorrek bere ametsa bete ahal izan zuen: akademia propioa sortu zuen.

Arriagan aurkeztuko duten ikuskizunaren lehen zatia, nolabait, “dantzaren arkeologia” ariketa bat kontsidera daiteke: “Lau urtaroak”, 14 minutuko euskal balleta, taularatuko baita, Olaetaren koreografiarekin, eta Jose Luis Francoren musikatik abiatuta. Bizitzaren lau etapa bezala irudikatzen dira lau urtaroak: udaberria, haurtzaroa; uda, gaztetasunaren bultzada; udazkena, heldutasuna; eta negua, zahartzaroa eta jakinduria.

Bigarren zatian Jon Maiaren ideia batetik abiatutako “M eme M (Mari emakume Mitologikoa)” (50 minutuko luzera) balletaren txanda izango da. Ikuskizuneko “plater nagusia” da, berreskuratu eta osagai berriez egokitutako koreografia bat baita. Taularen gainean, zuzenean, 40 bat dantzari, 25 bat emakume kantatzen eta 17 musikariko orkestra. Ez da apustu makala, eta lortu ahal izan da BBK Fundazioa eta enpresa batzuen babesari esker.

«Oraingoa guretzat inflexio puntu bat da, hain justu ikuskizun hau beste pertsona baten sormena duelako abiapuntu; hau da, hitzez edo kanta batean adierazteko pentsatutako zerbait dantzara eramango dugu guk. Jon Maiaren ideia da eta berak esan zidan kontatuko genuela gure mitologia, mitologiaren pertsonaiak eta mitologiaren bizipenen bitartez, baina emakumearen ikuspuntutik, emakumea bera erdigunean jartzen eta emakumearen bizipenak islatuz», azaldu du Jone Goirizelaiak, Mari Carmen Muñozekin batera, koreografiaren egileak.

Transmisioa da hemen gakoa, belaunaldi desberdinen artean kateatutako bidearen emaitza baikara egungo emakumeak. Harrera bertsoetan egingo dute: Jon Maia eta Josune Aramendi bertsotan hasiko dira eta txalapartaren doinuek bidaia magikoaren barruan sartuko gaituzte.

Garai desberdinetako Mari gorpuztuko duten dantzariak adin desberdinetakoak dira: Elene Gonzalez (8 urte), Lierni Pascuas (13 urte), Aiala Razkin (17) -dantzari profesionala izateko bidean dago egun-, Marta P. Okamika eta Alaitz Etxebarria. Hauekin batera, protagonisten talde horretan, Uxue Ortuetak Anbotoko Marirena egingo du. Mari honek Akerra bereganatuko du, gainera.

Folklorea, klasikoa eta garaikide estiloak nahasten dituzte. «Gure emanaldiak ikusten dituztenak ohartzen dira, folkloretik abiatuz, balleta eta beste estilo batzuk uztartu daitezkeela, eta konturatzen dira ere folkloretik posible dela istorioak kontatzea. Honek eragin zuzena izaten du, emanaldi hauen ostean jende dezente etortzen zaigulako gure klaseetara. Hori bai, arazo handi bat dugu: mutilen faltan gaude. Bi mutiko baino ez ditugu, eta beste zortzi beste adin batekoak», dio Goirizelaiak.

ZUZENEKO MUSIKA

Ez da batere ohikoa gurean ballet bat zuzeneko musikarekin entzutea. Ohikoena grabatua da, tamalez. Eta esperientzia erabat desberdina da.

Ikuskizun honetan Jose Maria Usandizaga, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez... mota eta garai desberdinetako hogei bat pieza joko ditu zuzenean Bilbao Sinfoniettak, Xabier Kalzadak espresuki moldatutakoak.

Zazpi urteko ibilbidea duen orkestra honen zuzendaria Iker Sanchez da. «Zuzendaria, ekoizlea, managerra...», dio umorez.

«Orkestra balioaniztun eta moldakorra» bezala definitzen den orkestra hau gai da musika klasikoa edo garaikidea egiteko, baina haien xede nagusia da «konpositore gazteei ahotsa ematea», Sanchezen esanetan. Hiru disko ditu, hainbat sari eta lan eskerga egin du bai hemen bai kanpoan.

Orain gutxi, eta Bilbon eta Donostiatik igaro ondoren, Madrilgo Teatro Realen egon dira “Carmen” musikal flamenkoarekin. Mota guztietako lanak egiten dituzte, egia esan, antzerkian -Arriagan, maiz-, bai eta zineman ere, soinu-bandak egiten. «Ezin gara kexatu, ondo moldatzen ari gara, lanari dagokionez, baina beti kanabera eskuan», dio umorez Iker Sanchezek.

Zirzira Ahots Taldea da emanaldi honen beste “hanka”. Basauriko abesbatza berezia da oso. Orain hamahiru urte sortu zen, ahots-musika garaikidea eta, batez ere, pop musika eta gaur egungo euskal egileek konposatutako abestien harmonizazioak sustatzeko.

20 eta 50 urte arteko 40 bat emakumek osatzen dute abesbatza. Ius Perez zuzendaria da gizonezko bakarra, eta aurten 25 urte bete ditu abesbatzen munduan: «Emanaldi honek erronka dezente ditu, emakumeen ahotsera egokitu behar izan dugulako. Esate baterako, ‘Mendi mendiyan’ eta ‘Baga Biga’ kantentzat egokitzapenak egin behar izan ditut, ahots mistoentzat baitira».

Lan eskerga egiten du Basauriko talde honek: musikalak egin ditu -“Las mil y una Cenicientas” musikal feminista estreinatu zuten Santurtzin-, diskoetan kolaborazioak egin ditu -Korrontzi taldearen 20. urteurreneko ‘‘Basauti” kantaren bideoklipean Heviarekin batera kantatu dute-, telebista saioetan parte hartu dute... «Eta hilero igande bat bakarrik entsaiatzen dugu!», dio umorez zuzendariak.