Oihana AZKUE
DONOSTIA

«Datuek osatzen duten negozioa gero eta handiagoa da»

Datu horiek zertarako erabiliko dituzten jakinarazi gabe, Worldcoin enpresak ehunka laguni irisa eskaneatu die, jarduera behin-behinean debekatu dioten arte. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendari Unai Aberasturik pribatutasunaren garrantziaz jabetzera deitu du NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan.

Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendaria, NAIZ Irratiaren estudioetan.
Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendaria, NAIZ Irratiaren estudioetan. (GARA)

Teknologiak legeak baino azkarrago garatzen direnean, herritarren eskubideen babesa ezbaian geldi daiteke, Bilboko Zubiarte merkataritza gunean duela gutxi lanean ibili den Worldcoin enpresaren kasuak agerian utzi duen bezala.

Bertan ehunka lagunen irisak eskaneatu dituzte, kriptomoneta gutxi batzuen truke, eta datu pertsonal horiek guztiak zertarako erabiliko dituzten jakinarazi gabe. «Datuek [pertsonalek] osatzen duten negozioa gero eta handiagoa da», Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendariak NAIZ Irratiari aste honetan eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza izan da presio handiena egin duenetako bat, enpresaren jarduera behin-behinean eten ahal izateko. Etorkizunean ugarituko diren egoerak direla iritzita, alegia «datu biometriko» hauek kudeaketa desegoki eta ezkutu baten menpe gera daitezkeela, Aberasturik zera aholkatu zien herritarrei: «Ezer baino lehen, garrantzia eman gure pribatutasunari».

Izan ere, eskubide bat «monetizatzen» ari dela nabarmendu zuen, eta galdera bat bota zuen: «Egingo zenuke hori beste eskubide batekin?».

ADINGABEEN DATUAK

Adingabeen egoeraz ohartarazi zuen Aberasturik, «haien datuek osatzen duten merkatua gero eta handiagoa delako». «Tresna eta aplikazio gehiago sortzen dira adingabeei zuzenduta beren datuak eman ditzaten. Bai bideojokoetan, bai Instagramen, bai TikToken. Gero eta aplikazio gehiago daude espresuki adingabekoei zuzenduta».

Hezkuntza arloan erabiltzen diren plataforma digitalen arriskuak ere aipatu zituen. «Datuen babesaren ikuspuntutik lan handia dago egiteko, plataforma handien erabilera hitzarmen bitartez adosten delako, eta askotan hitzarmen horiek planteatzen dituzten klausulak edo arauak oso eztabaidagarriak direlako», esan zuen. EAEren kasuan, Lakuako Gobernuak ziurtatu behar du hitzarmenak betetzen direla, Aberasturik agertu zuenez.

Baina aditu honek aitortu zuenez, zailtasunak daude hitzarmen horretan agertzen dena betetzen ez bada. «Nola egin dezakegu enpresak egin duen datuen erabilera desegoki hori kontrolatzeko?». Aukera bat da burujabetza erabiltzea tresna propioak aurrera eramateko, eta badirudi horretan pausoak eman direla jada. «Gure interesa da, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin, kontaktu zuzena izatea ildo horretan bide hori egiteko».

Bideokameren hedapenari buruz ere hitz egin zuen NAIZ Irratian. «Eztabaida historikoa da segurtasuna versus intimitatea. Eta egia da sentsazioa dela segurtasunak irabazi duela talka horretan». Sistemak «berme guztiekin» erabili behar direla defendatu zuen.