Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
BINAKAKO TXAPELKETA

Distira egin eta historia idatzi du Arrizabalagak, Erasunek ondo eutsita

Itsaso Erasun sendo batek lagunduta, aurrelari gernikarrak historia egin du, Binakako txapelketan bosgarren txapela irabaziz. Lehia parekatua izan zen Etxegarai-Gaminderen aurka, baina etenaldiaren ostean urrats bat atzera egin zuten urdinek (22-16).

Olatz Arrizabalaga, tanto bat ospatzen, Binakako txapelketako finalean.
Olatz Arrizabalaga, tanto bat ospatzen, Binakako txapelketako finalean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Bikote ona osatu dugu, ongi ulertu gara. Finalerdietan berak lagundu zidan eta gaur elkarren artean atera dugu aurrera. Mentalitate positiboa izaten saiatu gara, motibatuta egoten eta, agian, esperientzia ere lagun izan dugu. Bigarren erditik aurrera haiek baxuago aritu dira eta guk aurrera egin dugu». Kantxan ez ezik, partida osteko elkarrizketan ere ederki moldatu da Olatz Arrizabalaga, partidaren gakoak azaltzen.

Gernikarrak, Binakakoan, bosgarren txapela irabazi zuen, atzo, Arrasateko Uarkape pilotalekuan -948 ikusleren aurrean-, Itsaso Erasun sendo batek ongi lagunduta. Zizurkilgoari kosta zitzaion lehendabiziko pilotakadetan, urdinek atzean kargatu zutenean, baina atzetik aurrera egin zuen gipuzkoarrak eta eskuak fresko zituela bukatu zuen.

«Une batean pentsatzen nuen ezingo nuela eutsi. Baina buruari kontra egin eta lortu dugu. Olatzek une oro esaten zidan segitzeko. Bagenekien hor zegoela partida, fisikoki ondo geunden eta eusteak merezi izan du», azaldu zuen atzelari zizurkildarrak. Bere lehenbiziko finala zen eta txapelketari ginga ezin hobea jarri zion. Txapelaren eskaintza ere aski polita egin zuen, 18-15ean egin zuen lehen tantoa bezalakoxea: «Txapel hau nire amonari eskaini nahi diot, asko maite dudalako eta erreferentzia handi bat delako niretzat».

Kostatu zitzaion partida hastea, Etxegarai eta Gaminde errukirik gabe aritu baitziren, pilotakada gogorrak atzeko koadroetara bidaliz. Bien bitartean, Erasuni kosta egiten zitzaion Etxegarairen gainetik pilota pasatzea eta une batzuetan, zital aritu baitzen oñatiarra, bikote gorriari sekulako buruko mina eraginez.

GERNIKARRAREN ZIGILUA

Oso parekatuta egon zen lehia, ez batak ez besteak ez zuten lortu markagailua apurtzea, alde handiak ateratzea... Akats eta distiraren artean dantzan ibili ziren, pilota ezin gozatuta zeudela. Akaso, lehenbiziko zati horretan, Etxegarai izan zen gehien gozatu zuena, atzera sekulako txisparekin bidaltzen baitzuen pilota. Hala, Erasunek zenbait akats pilatu zituen, eta, beraz, gorriak ere nahi eta ezinean aritu ziren.

Saiatu zen gernikarra Erasuni airea eskaintzen, tarteka jokoan sartu eta arriskatzen, baina pilota erraz batzuk ere galdu zituen. Nolanahi ere, estatistikek nahikoa esaten dute: 13 egindako pilatu zituen, eta 3 galdutako bakarrik.

Sei tantoko berdinketa ezarri ostean -gozatu gabeko pilota txokoan jarrita- hasi zen apurka-apurka Arrizabalaga bere distira agertzen. Sakez, pilota ederki bihurrituta, egin zuen 8-6koa eta urdinek, beste behin atzean egindakoarekin, aldea murriztu bazuten ere, Gernikako aurrelariak dejadaz (9-7) eta aurkariak zein ikusle guztiak ezustean harrapatu zituen esku aldaketarekin (10-8) bere zigilua ezarri zuen.

URDINEN FRUSTRAZIOA

Abagunea izan zuten gorriek aldeak handitzeko, baina defentsan sendo agertu ziren Madalen Etxegarai zein Enara Gaminde, atzean oso erregular, agintzen une batzuetan, eta jakin izan zuten gorrien ahulguneetan min egiten. Hala berdindu zuten hamarna tantora, partidan seigarren berdinketa ezarriz. Arrizabalagak, horma-biko paregabearekin, gorriak aurretik jarri zituen, baina urdinek, hiru tanto jarraian eginda -11-12koan Laukizko atzelaria, hanka azkarrekin, txokoan pilota jasota-, bide onean jarri ziren (11-13).

Lehen atsedenaldi luzera ere aurretik joan ziren urdinak, baina bazegoen zerbait guztiz gozatzea ahalbidetzen ez ziena, behintzat Laukizkoaren kasuan. Pilota erabat gozatu gabe zegoen, partidak aurrera egin ahala tantoak ere gogortzen hasi ziren eta errematerako aukera gutxi izan zituzten. Izan zitekeen arrazoietako bat, eta horrek eraman zien bigarren erdian urrats bat atzera egitera. Buruari ezin buelta eman eta 5-0eko partziala ezarri zuten gorriek, Erasunek atzean ongi eusten ziola, eskuinarekin pilota ongi sartzen, eta aurrean Arrizabalagak bere sasoi ona erakutsi zuela.

ZUZENEAN 22-RA ARTE

Gorriak, 22ra bidean, zuzeneko martxa sartu eta soilik pilota bakarra galdu zuten, 18-16koa. Urdinak burumakur aritu ziren azken txanpan, ilusioz ekin zuten deman frustrazioa nagusituta, gaztetasunaren adierazle. Gorriak, aldiz, esperientziatik, gaizki hasi zuten partida iraultzen jakin zuten.

Arrizabalagak bere bosgarren txapela jantzi zuen, kasu honetan more kolorekoa, eta pilotaren historian pasarte bat idatzi du. Maiz II.a, Retegi II.a eta Martinez de Irujo handien marka berdindu du gernikarrak Binakakoan. Azken hiru txapelak jarraian irabazi ditu, eta txapelketa honek dituen bederatzi edizioetatik zazpitan finalera iritsi da. Ezbairik gabe, aro bat markatzen ari da. Eta ezin ahaztu lagun eta aurkari dituen gainontzeko pilotariez, gaztetasunetik sekulako urratsak egiten ari baitira. Honek ez dauka etenik, edo ez luke eduki beharko, hauen sabaia oraindik ere urrun baitago.