MAR. 19 2024 AZKEN PUNTUA Abril Yasmine KHRIS Itzultzailea O musa do meu fado, o minha mãe gentil». “Fado tropical” kantua, Chico Buarque abeslari brasildarrarena, 1973an argitaratu zen, eta laster debekatu zuten Brasilgo diktadura militarrean. Abestiaren kontraesana tituluan agertzeaz gain -oximoron hutsa baita-, letran garatzen da: fado, izatez, portugaldarra da, ezin baitzaio beste jatorririk asmatu; aldiz, Portugal ez da herri tropikal bat, eta adjektiboa Brasili dagokio, alegia. “Fado tropical” sorturiko imajinario utopikoa bada ere, erresuma eta kolonia bat datoz kontu batean. Lehenbiziko estrofa: «Te deixo consternado no primeiro de abril». Brasilen egin zuten estatu kolpeari erreferentzia da, 1964ko martxoaren 29ko gauean hasi zena, kontuan izanik 1974ko apirilaren 25ean Portugalgo matxinadak Salazarren gobernu faxista bota zuela. Entzuleak aise pentsa dezake apirila hilabetea leitmotiva dela, baina Buarquek ezin zuen asmatu zer gertatuko zen Portugalen 2024ko apirilean, lehen ministroak kargua hartuko duen unean, Chega eskuin muturreko alderdi politikoaren agerpenarekin. Ideologia populista, erradikala, nazionalista eta kontserbadorea, krabelinak bota eta mende erdi ondoren. ‘Águas de março’-ren ostean, ozpin izanen da klima Atlantikoaren bestaldean. Ze kasualitatea, apirila datorrela.