GARA Euskal Herriko egunkaria
KORRIKA 23

Araban murgildu ostean, Gasteizen hamaika izan ziren Korrikarekin bat

Nafarroako bideak atzean utzi eta Arabako Errioxatik, Mendialdetik, Trebiñutik eta Zuiatik, besteak beste, igaro ondoren, Korrika Gasteizera iritsi zen atzo iluntzean. Lekukoa esku batetik bestera pasatzen zen bitartean, asko eta asko euskararen alde bat egiten joan ziren eta jendetza bildu zen Arabako hiriburuan barrena lasterka.

Jendetza bildu zen Arabako hiriburuan zehar, beste aldarrien artean, euskararen alde. (Endika PORTILLO | FOKU)

Korrikak Nafarroari Lizarraldetik gero arte esan zion, eta ilunpetan iritsi zen Arabara, Kanpezutik. Bihurgunez beteriko errepideetan barna, mahastien artean argitu zuen egunak. Malda asko izan ziren atzo, baina horrek ez zuen arabarren grina zapuztu. Goraka harrapatu zuten lasterketa Arabako foru suhiltzaileek, kaskoak eta buzoak soinean. Goiztiarrak izan ziren, 8.10 aldean jaso zuten lekukoa Elvillarretik Guardiara bidean, Erentzun ikastolako txikitxoen eskutik.

Goranzko bihurguneak gehitzen joan ziren, Guardiara iritsi arte. Eskualdeko institutu eta ikastetxe ugaritako ikasleek korrika egin zuten. Haientzat ohikoa baino astelehen dibertigarriagoa izan zen. Arabako ESIko langileek ere parte hartu zuten. Baten batek laneko arropa kentzeko astirik ere ez zuen izan. Horrez gain, udaletxe askok hartu zuten lekukoa: Oiongoak, Bilarkoak, Lapuebla de Labarcakoak, Lezakoak... Arabako herri txikiek merezi duten ikusgarritasuna izan zuten astelehenean.

Muinotxo txikiak dirudite Arabar Errioxa eta Mendialdeko herriek. Aldapan diren kale estu eta zirrikituz beterik daude. Eta horrek zailtasunak gehitzen dizkio berez konplikatua den Korrikari. Dena konpon liteke, ordea, jarrera baikorra bada. Hala gertatu zen Urizaharran. Erdi Aroko hiribildua XIII. mendean sortu zen, eta garaiko ondare guztia mantentzen ez bada ere, harresiko hego atariak zutik dirau. Arku horretatik igarotzeko erronka zaila zuen Korrikak, eta plana ongi prestatuta zuten antolatzaileek.

Aurreko furgonetaren atzetik iritsi ziren korrikalariak herrira, eta furgoneta gabe egin zuten gora, harresiko atariraino. Bestaldean zain zen bigarren furgoneta. Lasterketaren buruan jarri zen bigarren hori, eta elizari buelta ematera zihoala, hara!, kalean ezin kabitu gelditu zen furgoneta. Paralisi parentesi txiki bat sortu zen, baina berehala konpondu zen: korrikalariek beste bide bat hartu zuten eta, herritik ateratzerako, zain zuten lehen furgoneta. Bigarrenak maniobra pare bat egin, eta segituan hartu zuen buztana. Jakin badakigu Korrika ez dela sekula gelditzen, eta 23. edizioa ez zen salbuespen bat izango.

Korrika eguerdian iritsi zen Trebiñura. Atzerapen apurtxo batekin zetorrela, zein kaletatik igaroko ote zen... marmarrak urduritasunarekin nahasi ziren. Eta bat-batean maldako behealdetik musika doinuak entzuten hasi ziren. Badator. Ehun bat lagun bildu dira kaleetan zehar. ‘‘Azterketak euskaraz’’ leloa duten afixak berriz ikusi ditugu. Ipar Euskal Herriko aldarriak zentzu berezia hartu du Trebiñun, bertan euskara ikastea bera baita euskaltzaleen ezina.

Mendialdea zeharkatu ondoren, Gorbeialdera iritsi zen. Bazkalosteak ez zuen inor alfertu, jendetzak egin baitzuen lasterka, besteak beste, Izarran eta Murgian. Zuiako mugan gelditu zirenen artean bazen jarraitzeko gogoa zuenik ere. «Gasteizeraino joango nintzateke», esan zion emakume batek ondokoari, adrenalinaren efektua oraindik gainditu ezin.

JENDETZA GASTEIZEN

19.30ak pasata, Korrika Gasteizen sartu zen Abetxukotik. Laminaciones Arreguiko langileek hartu zuten lekukoa. Jarraian Arriaga-Lakua auzotik igaro zen eta Michelingo langileek lekukoa Gasteizko suhiltzaileei pasatu zieten. Hirian sartu ahala, jende piloa gero eta handiago egiten joan da, euskararen alde korrika egitera batu direnei esker.

Enpresetako langileez gain, batik bat ikastetxeek eta institutuek hartu zuten lekukoa eramateko erantzukizuna, eta ‘Azterketak euskaraz’ aldarria zeramaten zenbait pankarta ikusi ziren berriz ere. Txiki-txikiak nahiz nagusiak izan dira Korrikaren buru astelehen honetan, baina hori ez da aitzakia izan erritmoa galtzeko.

Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Parlamentuak ere beraien kilometroak izan zituzten, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde politikoez gainera. Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsuak, Arabako Euskal Pilota Elkarteak, Indarra Euskal Kultur Elkarteak, Blusa eta Nesken Komisioak, Jimmy Jazzek eta Gasteizko Garbiketa Zerbitzuko Langileek ere lekukoa eraman dute.

Zabalganatik, Alde Zaharretik eta Salburuatik igaro ondoren, Arkaiatetik Gasteiz atzean utzi zuen Korrikak, 23.00ak aldera, Dulantzira bidean, lautadan abiatzeko. Ostiralean berriz Arabara itzuliko da.