GARA Euskal Herriko egunkaria
2011

Gaddafi hila ere, libiar aferak eztanda egin zion Sarkozyri


Saharatik Ginea Golkorako norabidean ufatzen duen haize mota da harmattan. 2011ko udaberrian Libiako areatzak astindu zituen operazio militarra horrela bataiatu zuen frantziar Estatuak.

“Harmattan operazioaren momentu azkarrak” izenburu duen Armada frantsesak jasotako txostenean irakur daitekeenez, Nicolas Sarkozyk interbentzioa Parisen iragarri eta ordu batzuetara, 2011ko martxoaren 19ko ilunabarrean, seigarren aire-basetik garaturiko gerra ekimena hasi zen. Beste hainbat gatazka begiratuta, urrutira joan gabe, Gazan Israel burutzen ari den genozidioak modurik krudelenean erakutsi zuen Ekialde Hurbileko krisia; Nazio Batuek harturiko erabakiak ez dira berehala bete ohi.

Alta, Libiako gerraren kasuan, agudo jokatu zuten Estatu Batuetako aliatuek.

Benghaziko eskualdean pizturiko oposizio mugimendua suntsitzeko xedez, Muamar Gaddafi koronelak agindu zuen oldarraldiari aurre egitea izan zen operazioa balioztatzeko Eliseok eman zuen argudio nagusia.

Gerard Longuetek erasoaren mugak marraztu zituen aipaturiko txosten militarrean. «Frantziar militarren misioa izanen da Muamar Gaddafi koronelaren hegazkinek egindako erasoetatik populazio zibila babestea eta libiar hegazkinek baliatu ezin izango duten aireko eremua ezartzea», zehaztu zuen garaiko Defentsa ministroak.

Hasieran adierazitako helburuez gaindi, Muamar Gaddafiren exekuzioak agerian utzi zuen operazioak, Libiako barne egoeran eraginez, taula geopolitikoa bihurritzea bilatzen zuela.

Bestalde, Parisek izan zuen «esku-hartze murritza» gezurtatzera dator frantziar Armadak eskainitako informazio bildumatik erreskataturiko ondoko azalpen hau: «Joan zen martxoaren 19tik gure aireontziak hegaldian izan ziren, Frantziak egindako lehen aire erasoei eusteko eta gidatzeko. Zazpi hilabete geroago, urriaren 20an, gure E-3F bat ere Libiako kostaldean misioan zebilen, Gaddafi koronelaren konboia geldiaraztea ahalbidetu zuen koalizioaren misioan».

Saddam Hussein Irakeko presidentearekin, gerra bat ez, bi gerra burutu zituzten aliatuek; lehenik lagun eta gero etsai gogaikarria bilakatu zen mandataria, urkatuta ikusi arte. Ildo beretik, justizia eta nazioarteko zuzenbidearen arau guztiak alboratuta ere, «herriaren mendeku goseari» egotzitako heriotza basatia eskaini zioten aliatuek Muamar Gaddafiri.

2011ko urriaren 20an, libiar koronela hilotz ikusita lasaiago lo egin zuen, seguruenik, Eliseoko maizter zen Nicolas Sarkozyk. Izan ere, Libiako aferak bere kontra jokatu zuen handik urte gutxira. Nonbait, harmattan haizeak hegoaldetik iparrera jo zuen, frantziar presidente zenaren urrezko erretreta zapuztuz.

Bere hauteskunde kanpainak Gaddafik oparituriko diruarekin gain-finantzatu zituelakoan, ikerketa judiziala zabaldu zioten Sarkozyri. Deklaratzera deitu soilik ez, atxilotu ere egin zuten.

Amiltzeko prozesu horretan, hainbat data nabarmendu daitezke.

Hala, lehen aldiz frantziar presidente ohi baten kontra harturiko erabakiari bide emanez, 2014ko uztailaren 1ean Nicolas Sarkozy atxilotu zuten.

Hala ere, dezente lehenago, hain zuzen, frantziar hedabideetan Libian izandako gerraren urteurrena aipatzen zen testuinguruan, aferari buruzko ikerketa abiatu zen. Horren mesedetan 2011. urteaz geroztik Mediapart hedabide digitalak eginiko ikerketa lan eskerga ezin da, zentzu horretan, aipatu gabe utzi, erabakigarria suertatu zelako.

Hain zuzen, Muamar Gaddafi hil eta hurrengo eguneko data -martxoaren 21a- idatzia du finantzaketa ilegala egiteagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik 2018an Nicolas Sarkozyri jakinarazi zioten auzipetze agiriak. Geroztik, adar ezberdinak hartu ditu, albo kalte gisa, eskuin hexagonala erreferenterik gabe utzi duen Sarkozyk jokatutako maratoi judizialak. 2021ean kondenatua izan ondoren, hainbat helegite ezarri zituen. 2012ko hauteskunde kanpaina legez kanpoko baliabideekin ordaindu zuela frogatutzat eman ondoren, kondena irmoa jaso zuen, ordea, aurtengo otsailean, Sarkozyk.

Iraken bezala, AEBtako aliatuek Libian buruturiko interbentzio militarrak eragindako heriotza kopuruak eta suntsipenak gaur arte luzatu den anabasa egoera sortu zuten herrialde horretan.

Harmattan haizeak hegoaldetik iparrerako norabidea hartu ondoren, Muamar Gaddafiren mamua betiko itsatsita gelditu da Nicolas Sarkozyren biografian.



[1982] Baigorriko bihurgunea

(1982ko martxoaren 19an gertatu zen handik pare bat egunera “Egin” egunkariak lehen orrialdera «Frantziar polizien aurkako lehen atentatu hilgarria Iparraldean» izenburupean eraman zuen erasoa. Gaur egun France Bleu irratian lan egiten duen Bixente Vrignon kazetaria urte luzetan “Egin”-en aritu zen. Berari eskatu dio Artefaktuak Baigorrin izan zen gertakaritik tira egiteko)

Martxoaren 19a, 1982an, Baigorrin. Gaua da, ostatu batetik Jacques Bouyer eta Bernard Roussarie CRS-ak atera dira. Autoan sartu bezain goiz, Renault 4L auto xuri bat hurbiltzen zaie eta metraileta tiroz egiten diete eraso. Berehala hiltzen da Jacques Bouyer, eta hilabete bat berantago, zaurien ondorioz, Bernard Roussarie. Hortik aitzina, aurpegi erabat ezberdina hartuko du errepresioak Iparraldean, gogortu egingo da erabat.

42 urte berantago, zaila da pentsatzea 1982an Iparraldean dena zela posible.

Ez zen urte bat «uholde arrosa»-k Estatu frantsesa gainditu zuena. Sozialistak eta komunistak gehiengoa ziren Parlamentuan, eta gobernatu egiten zuten. Hitzeman zuten departamendu bat sortuko zutela Iparraldearentzat, eta baita tokiko hizkuntzen irakaskuntza suspertuko zutela ere.

Justu 15 egun aitzin, 1982ko martxoaren 2an, Korsikak autonomia hein bat lortu zuen, estatus berezi bat eskuratuz. Ilusio anitz bada abertzaleen aldetik, baina tokiko oposizioa basatia da. Izan kostalde ala barnealdetik, izan Grenet, Marie, Inchauspe, Duboscq ala Çaldichoury, tokiko hautetsiek zazpi ahalak egiten zituzten Ipar Euskal Herria frantses kortsean ontsa tinkatua egon zedin, baita euskarak baztertua eta mespretxatua iraun zezan ere.

Nor izan zen martxoaren 19ko eraso horren arduradun? Frantses Justiziarentzat, 10 bat urte goizago sortu zen Iparretarrak talde armatua errudun zen, eta horregatik kondenatu zuen Filipe Bidart militantea. IK-k ez du sekula bere gain hartu atentatu hori, beste hamarnaka erasotarako aldarrikapen publikoak egin zituelarik.

Orduko prentsak hipotesi ezberdinak aipatu zituen. IK, bistan da; beste batzuek afera pribatu bat ere aipatu zuten, baina “Egin” kazetak arreta berezia eskaini zion espainiar eskuin muturreko hipotesiari.

1970eko hamarkadan hasi zen erailketen zerrenda. 1977ko agorrilean, ETAko militante bat erail zuen Angelun Batallon Vasco Español talde parapolizial espainiarrak. Eta beste erailketa anitz izan zen ondoren.

1980ko azaroaren 23an, Hendaiako Hendayais tabernan, bi herritar erail zituzten, Jean Pierre Haramendy eta Jose Camio, eta beste 10 pertsona zauritu. Nehork ez zituen ezagutzen, ez dute kidetasun politikorik nehorekin, baina hori ez zen izan eskuin muturreko talde horien “huts” bakarra. Beste batzuk izanen dira ondoko urteetan. Arrasto hori ez da luzaz ikertua izan, nahiz eta aldarrikapen bat egin omen zuten atentatuaren gauean, BVE izenean.

Aldiz, 1982ko martxoaren 19ko data horren aitzin, IK taldeak berak beste dimentsio bat hartuko zuen. Hortik aitzina, errepresioa areagotu zen, bai bere kontra bai euskal militante guztien aurka. Roger Levyk, orduko Polizia Judizialaren buruak, 40 urte berantago aitortu zuen: «... Orduan, Baionan 10 polizia izatetik, 30 bat izatera pasatu gira zenbait urtez».

Frantses botereak makila eta saria biak erabiliko zituen. IK ez zen gehiago «amateurren» talde bezala ikusia izan, eta mugimendu abertzalea kriminalizatua izan zen iritzi publikoaren aitzinean. Hala ere, 1980ko hamarkadan euskal zentro kulturalak sortu ziren, Hazparnen, Baigorrin, Maulen eta beste toki batzuetan, Euskal Kultur Erakundea bihurtu aitzin, 1990ean. 1982an, gurasoek egindako gose greba baten ondorioz, frantses Hezkuntza Ministerioak hitzarmen bat izenpetu zuen Seaskarekin, ezagupen eta dirulaguntza bat onartzeko.

Aitzinamendu politikoek denbora gehiago galdegiten dute.

1982an, ez zen talde politiko abertzale antolaturik aurkeztu hauteskundeetan Iparraldean. 1986an, aldiz, Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA) aurkeztu zelarik, nekez bildu zituen 5.000 boz (%3,73a).