GARA Euskal Herriko egunkaria

Maniobra militar gehiago egingo dituzte Nafarroako Bardean


Gerra ariketa gehiago egingo dituzte, berriz ere, herrialde europar batzuetako hegazkinek atzotik ostiralera arte Bardeako Parke Naturalean eta Biosferako Erreserban. Hala aditzera eman zuen atzo Poligonoaren Aurkako Asanbladak ohar batean, eta guztiz gaitzetsi zuen.

«Ezinegona» agertu zuen Asanbladak gerrak areagotzen ari direlako, eta Ukraina eta Gaza aipatu zituen. Kostu militarrak «izugarriak» direla eta «sufrimendua» besterik ez dutela ekartzen salatu zuen.

Ildo horretan, Bardeako tiro poligonoaren inguruan bizi diren pertsonen segurtasuna eta natur parkearen ingurumen berarena arriskuan daudela azpimarratu zuen.

Ingurumenari dagokionez, gune babestu batean tiro eta bonbardaketa poligono bat egotearen kontraesanaz aparte, data hauetan hegaztiak habiak egiten ari direlako turismoa debekatu egin dutela azaldu zuten. Aldiz, abioi militarrei libre hegan egiten uzten diete.

Honenbestez, Erriberako eta Nafarroako erakundeei dei egin zien herritarren segurtasuna eta ingurumena defendatzeko. Eta berriro exijitu zuten tiro poligonoa deuseztatzeko eta Natur Parkea babesteko.