Asier ROBLES
FUTBOLA

Euskal Selekzioaren partidan ofizialtasuna aldarrikatzeko deia

Euskal futbol selekzioak Uruguairen aurka martxoaren 23an jokatuko duen partidara joateko deia egin dute Gure Eskuk eta Gu Ere Baik: «Gure ikurrak astintzeko unea da, herri harrotasuna lau haizeetara zabaltzeko unea da».

Gure Esku eta Gu Ere Bairen agerraldi bateratua, Bilbon.
Gure Esku eta Gu Ere Bairen agerraldi bateratua, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gure Eskuk eta Gu Ere Baik agerraldi bateratua egin zuten atzo, euskal futbol selekzioak Uruguairen aurka martxoaren 23an jokatuko duen partidara joateko deia egitearren euskal herritar guztiei. Era berean, Euskal Herriko kirolariak, klubak, zaletuak, erakunde ezberdinetako arduradunak, hedabideetako profesionalak eta eragileak batuko dituen dinamika nazionala behar dela aldarrikatu zuten.

San Mames aurrean egindako prentsaurrekoan Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak nabarmendu zuenez, hitzorduz beteriko asteak datoz Euskal Herrian, «horrelakoa baita gure herria, dinamikoa, bizia...». Horren adibide gisa jarri zituen asteburu honetan mendi federazioek Euskal Herriko luze zabalean antolatu dituzten mendi irteerak, hainbat kulturgilek herri palestinarrari elkartasuna adierazteko Donostian antolatu zuten manifestazioa eta, nola ez, ostegunetik hona Euskal Herria zeharkatzen ari den Korrika.

«Herri harrotasuna bolo-bolo dabil gure kaleetan, eta horrekin batera, gure herriaren ikurrak», adierazi zuen.

Bide horretan, herri gisa erronkei aurre egiteko unea dela uste du Gure Eskuk. Gogoratu zuenez, «nazio aniztasunaren inguruko eztabaida modu publikoan ireki da, eta gure ardura da nazio aitortzaren gaia erdigunean kokatzea». Horrek, besteak beste, ofizialtasunaren bidean «urrats egokiak» egitea ahalbidetuko duela ohartarazi zuen Etxaburuk.

Ideia berari buruz hitz egin zuten Patxi Gaztelumendi eta Oihana Azkorbebeitia Gu Ere Baiko bozeramaileek, eta nabarmendu zuten «herri honek euskal selekzioen ofizialtasuna behar duela, nazioartean Euskal Herriko kirolariak aritzeko eta mundu mailan garapen osoa izan dezagun. Gure herria nazioartean libre ezagutzeko modua ere bada».

Hori dela eta, euskal futbol selekzioak martxoaren 23an jokatuko duen partidara joateko deia egin zieten euskal herritar guztiei: «Gure ikurrak astintzeko unea da, herri harrotasuna lau haizeetara zabaltzeko unea da». Bidenabar, datozen asteetan dauden hitzorduak aprobetxatuz (Korrikaren amaiera, Aberri Eguna, kopako finalak...), euskal ikurrak kaleratzeko deia egin zuten «kalean, harmailetan, sarean eta zelaian».

ZAILTASUNAK BIDEAN

Costa Ricaren aurka Eibarko lpurua futbol zelaian 2020an izan zuen gizonezkoen euskal selekzioak azken partida.

Ondoren emakumeen bi agerraldi izan dira, bat Zubietan eta bestea Mendizorrotzan.

Baina, euskal Selekzioaren alde egin, animatu eta ofizialtasunaren aldeko bide honetan, «hutsuneak» ere egon direla salatu zuten Gu Ere Baiko kideek: «Euskal Futbol Federazioak 2018ko batzarraren aginduak (Durangon aho-batez onartu zirenak) betetzeko aukera izan duen arren, Federazioak ez ditu aginduak bete, ez du eragile sozialekin orain arte inolako harremanik eduki nahi izan, eta nazioartean hasitako bidea zokoratu baino ez du egin, hori bai, inolako azalpenik eman gabe».

Era berean, Federazio espainola egungo egoeraren erantzule egin dute, «ofizialtasunaren aurka jarduteagatik, eta diren traba eta tranpa guztiak jartzeagatik».