Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Euskara erabiltzeko eguneroko oztopoak salatu ditu Behatokiak

Euskararen Telefonoaren deien eta zerbitzu telematikoen bidez 987 intzidentzia jaso ziren 2023an. Behatokiak emaitzen txostena aurkeztu zuen atzo. Arloz arlo salatu zituen herritarrek jasotzen dituzten oinarrizko zerbitzuetan euskara erabiltzeko dauden oztopoak.

Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriati, Iruñeko Kondestable jauregian.
Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriati, Iruñeko Kondestable jauregian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Behatokiak “Hizkuntza Eskubideen Egoera 2023” txostena aurkeztu zuen atzo Iruñeko Kondestable Jauregian, iazko urtean Euskal Herrian hizkuntza eskubideekiko izan diren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen dituena. Txostenaren aurkezpenean izan ziren Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikariak euskararen «gutxiagotutako izaera» betikotzeko arriskua salatu zuten.

Nabarmendu zutenez, arlo guztietan daude zerbitzuak euskaraz jasotzeko zailtasunak. Herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen du egoera horrek: eguneroko oztopo eta ezinen aurrean, euskara erabiltzeari uko egiten diote herritar askok, zerbitzua berme guztiekin jaso ahal izateko.

«Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela. Azken hamar urteetan errepikatzen diren urraketa eta muga berdinekin jarraitzen dugu», adierazi zuen Gaubekak. Muga horiei irtenbidea eman ordez, euskaldunen hizkuntza eskubideak parametro berdinetan kokatzen segitzen dela baloratu zuen, hau da, euskararen bigarren mailako izaera eta hizkuntza eskubideen eta gutxiagotutako hizkuntzekiko berdintasun eza.

Jakina da Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan zein Trebiñu eta Turtzioz-Villaverden euskarak duen estatus ezak «erabakiak edo hizkuntza politikarekiko neurri zuzentzaileak hartzea oztopatzen duela», gaineratu zuen, eta ondorioz euskaraz zerbitzuak jaso, ikasi, lan egin edo kontsumitzea herritar eta eragile batzuen borondate eta determinazioaren gain geratzen dela, «baina beti ere ziurgabetasun eta babes nahikorik gabe».

Euskarak nolabaiteko estatusa duen gainerako eremuetan, iaz jaso ziren intzidentziek hizkuntza eskubideen bermearekiko neurri eraginkor falta erakusten dute, Behatokiaren arabera. «Euskarak lurralde batzuetan estatus ofiziala izan arren eta herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea bermatuta izan behar luketen arren, euskara ezagutzen ez dutenek markatzen dute bermeak norainokoa izan behar duen», esan zuen Gaubekak.

URRAKETEN LAGIN BAT

Petriatik eskaini zituen erakundeak bildutako datuak. 2023an, guztira, 987 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Intzidentzia hauetatik guztietatik, 909 kexek, 49 zoriontzeek eta 29 iradokizun, kontsulta edo bestelakoek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea.

Iaz jasotako kexen jaitsiera txiki bat egon den arren, Petriatik datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri zuen enfasia: «Kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez da. Jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe».

Adibideak ere bildu zituzten, alorrez alor. Oro har, administrazioaren sail guztietan urratzen dira egunero hizkuntza eskubideak (Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna…). Zerbitzu pribatuei dagokienez, berriz, «borondatearen esku uzten da enpresek beraien zerbitzuak euskaraz eskaintzea, eta horrek herritarrak erdaraz kontsumitzea eragiten du».

Egoera horri, Behatokiaren arabera, epaitegietatik iritsi diren euskararen kontrako ebazpenak eta «hizkuntza politiketan hartzen ez diren neurrien ondorioz emandako atzerapausoak» gehitu behar zaizkie. Hala, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko baliabideak eskatu zituzten, hizkuntza eskubideak aitortzeak berekin dakarrelako «jendarte berdinzale eta bidezkoagoa».