A.G.
KOPA

IDK Euskotrenek Huelvako kaleetan gozatu beharko du Kopaz, Valentziaren aurka galdu ostean

Etxerako bidea hartu beharko du, edo Huelvan Kopako giroaz gozatzen geratu beharko du IDK Euskotrenek, Valentzia Basketek pronostikoak bete baitzituen final-laurdenetako aurreneko saioan. Nahiz eta valentziarrek itxura batean larria dirudien lesio batengatik Raquel Carrera pibota galdu, menpean izan zuten partida une oro eta azken emaitza duina izan arren, sekula ere ez zen sorpresarako tartetik izan.

Valentzia Basketek 17 baloi galdu zituen, neurri batean donostiarrek defentsan lan polita egin zutelako, baina erasoan oso kamuts aritu ziren. Orotara 45 jaurtiketatik 17 baino ez zituzten saskiratu, 16tik 5 hirukoetan eta, horrez gain, zazpi jaurtiketa libre ere huts egin zituzten. Iris Mbulito eta Becky Massey izan ziren donostiarren artean lanik borobilena egin zutenak, baina taronjei irabazteko aukera emaitzak dioena baino urrutiago geratu zen.

Nolanahi ere, kikildu gabe eta erasokor ekin zion talde donostiarrak neurketari. Valentzia Basketek aurreneko laurdenean eta bigarrenaren hasieran baloi larregi galdu zituen, baina aldaketa pare baten ostean egoerari buelta eman zion; hau da, IDK Euskotren baloiak erruz galtzen hasi zen valentziarren defentsa zela-eta. Ondorioz, taronjak korrika atera ahal izan ziren kontraerasoan eta akordatzerako 20nako berdinketa 27-20ra pasatu zen, eta atsedenaldira 36-26 iritsi ziren. Handik aurrera, ordea, presa larregi eta punturik ez. Amaitu da Kopa IDK Euskotrenentzat.