Garazi CASTAÑO
BILBO

Osasungintza euskalduna aldarrikatu dute Usansoloko ospitaleko langileek

Usansoloko ospitaleko langile taldea, lasterketaren zain.
Usansoloko ospitaleko langile taldea, lasterketaren zain. (G. C.)

Estreinakoz udalerri gisara Korrikari harrera egiteko modua izan zuen Usansolon, ospitaleko langileak ikusi genituen euren eskariak esku artean zituztela lasterketari diosala egiten. Euskarazko zerbitzu duina eskaintzeko beharra aldarrikatzeaz gain, osasungintzaren eremu profesional zein akademikoa euskalduntzeko beharra nabarmendu zuten.

Herrian barrena bira egin ostean, ospitalera igo zen lasterketa. Iritsi zenerako, osasun langile andana zuen zain sarrerako biribilgunean eta bide bazterrean.

Afixak eskuetan zituztenetako bi ziren Nahia Aia eta Zuriñe Bustinza ginekologoak. Osasungintzan euskararen normalizazioak dituen hutsuneak asko direla azaldu zuen Aiak. Gogorarazi zuen pazienteekin egoteko unean langile guztiak ez direla gai euskaraz artatzeko. Historia klinikoak gazteleraz egin behar direla gehitu zuen Bustinzak, eta ele bitan egitea ongi legokeela. Aiaren ustetan, garapen profesionalari ere erreparatu beharko litzaioke. «Kongresuak eta artikulu zientifikoak apenas egiten dira euskaraz».

“Azterketak euskaraz” lelodun kartela zeraman Irati Santa Cruz medikuntza ikasleak. Bera «zortekoa» izan da, ikasgai gehienak euskaraz egin ahal izan dituelako. «Ea apurka dena euskalduntzea lortzen dugun».