GARA Euskal Herriko egunkaria

Aje emozionala


Etxean nago. Isiltasuna dago, ez da musikarik entzuten, eta zapaltzen dudan zorua ez da mugitzen, ez dago dardararik. Ez diet Telegram jakinarazpenei kasurik egiten, ez nago mugikorrari etengabean begira eta berdin zait zein ordu den. Lasai ederrean nagoela pentsa lezake askok. Ba ez, nahiago nuke bestela egon. Nekatuta nago, baina faltan sumatzen dut azken egunotan inguratu nauen unibertso paraleloa.

Istanten segida bat da Korrika. Lasterkariek zure herri edo auzoa zeharkatzen duten bezain azkar pasatzen direnak. «Motz egin zait baina gozatu egin dut», zioen Xuhar Pazos Ertzaintzak Tolosako inauterietan begian zauritutako gazte billabonatarrak, Onddo gazte asanbladararen lekukoa eraman ondoren. «Ziztu bizian pasatu da, ez naiz konturatu ere egin kasik», esan zidan lagun batek larunbatean, Altzatik igaro zenean. Uneak, momentuak dira. Eta nik horiek bata bestearen atzetik pilatzen eta harilkatzen bizitzeko pribilegioa izan dut.

AEK sostengatzeko sortu zen Korrika. Euskalduntzearen aldeko lana ureztatu eta balioa emateko bi urtean behin martxan jartzen den makineria erraldoia da. Hanka sartuko genuke, ordea, definizio horretara murriztuko bagenu. ‘‘Harro Herri’’ leloa hautatu dute antolatzaileek 23. edizioan. Izan zitekeen modu sinpleagorik egitasmo honek esan nahi duena hain ongi laburbiltzeko?

Geure lurralde osoa, zatiketarik gabe, zeharkatzen du Korrikak. Zazpi lurraldez osaturiko herria garela praxian demostratzen da. Eta hala egin du lasterketa honek: Santiagoko zubia zubia besterik ez dela frogatzean, Izpegiko gainean Baigorriko eta Baztango gazteek lekukoa elkarrekin hartu zutenean, Trebiñun Jose Luis Morenok bere etxeko kanpoaldea ikurrinez jostean... Datu ibiltaritza aktibatzeko jakinarazpenengatik izan ez balitz, ni behintzat ez nintzatekeen zatiketez jabetuko egun hauetan. Aurten azterketak euskaraz mugimendua izan da omendua. Modu batera edo bestera, intentsitate handiago edo txikiagoarekin (inor ez dugu engainatuko), baina denon aldarrikapen bihurtu da Ipar Euskal Herriko ikasleen proklama. Palestinar ikurrak konstante bat izan diren modu berean.

Paisaia, kolore eta euskalki desberdinek ez dute diferentziarik markatzen Korrikan; batasun anitz bat josten dute. Nafarroako trabestien kilometroan Murchantetik Cascantera aldarrikatu zen moduan, Euskal Herri anitz eta askea da gurea, eta noski, euskaraz egiten duena. Horretarako ere balio baitu egitasmo honek. Zer nolako herria nahi dugun irudikatzeko, euskaratik eta euskaraz imajinatuz. Usansoloko ospitalean osasungintza euskalduna aldarrikatu zuten modu berean.

Baionan amaitu da Korrika. Garazi Arrulak 11 egunez jira eta bira ibili den lekukoaren barnean zen mezuan aldarrikatu bezala, euskarak hegemonia lor dezan, bestelako lan eta eginkizunetara itzultzea dagokigu orain zozooi. Baina gose gara eta haginka jarraitzeko prest. Arnasguneetan korrika ziren euskaltzale uholdeek beste txoko batzuetan binaka edo hirunaka lekukoaren zain zirenen lurraldeak blaitu ditzaten. Hurrengoan hamar izan daitezen, edo hogei. Eta, noski, aurtengoan errepide bazterretan txaloka zirenek urratsa egin, konprometitu eta lasterka egin dezaten; hau da, euskaltegian izena eman dezaten.