GARA Euskal Herriko egunkaria

Ziklo aldaketarako gazte bultzada behar dela esan du Otxandianok

Pello Otxandiano, Lezoko Gazte Topagunean. (EH BILDU)

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak solasaldia egin zuen atzo Lezoko Gazte Topagunean. Bertan parte hartu zuten Eraitz Saez de Egilaz Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak, Edurne Benito del Villa Bizkaiko hautagaiak eta Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkariak eta Donostiako zinegotziak ere. Apirilaren 21aren ondoren azkartuko den ziklo politikoaren aldaketan gazteak protagonista izan behar direla azpimarratu zuen Otxandianok.

«Ziur gaude apirilaren 21ean inflexio puntu bat gertatuko dela. Apirilaren 21ean ziklo politikoaren aldaketa bizkortu egingo da, eta horretarako, ezinbestekoa da gazteen bultzada. Gazteekin batera egin behar da bidea. EH Bildu ez dator gazteak ordezkatzera. EH Bildu bidea gazteekin batera egitera dator. Gazteei ezin zaie eskatu konfiantza. Gazteei hitza eta erabakia eman behar zaie. Hartu behar diren erabaki nagusien subjektu protagonistak izan behar dira», adierazi zuen.

«Ezinbestekoa da gazteei bizi eta lan baldintza duinak bermatzea. Horrek zerikusi zuzena du etxebizitzarekin eta lan merkatuan aurkitzen dituzten lan baldintzekin. Horretaz aparte, gazteak egin behar dira etorkizunaren protagonista eta jabe», gehitu zuen.

A21 HAUTESKUNDEAK

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak Intxortako mendietako borrokaren urteurrenean esan zuen oso garrantzitsua dela autogobernua indartzea EAEn, «eskuin eta ezker muturraren gorakadaren aurrean».

Sumarrek, aldiz, frankismoak 1937an Azazetan fusilatu zituen 16 lagunak ekarri zituen gogora Gasteizen. Jon Hernandez Arabako hautagaiak konpromisoa hartu zuen «gizarte justu baten aldeko borrokan jarraitzeko».

Bestalde, Javier de Andres PPko hautagaiak EAJri, EH Bilduri eta PSEri adierazi zien «Euskadik hazkundea, inbertsioa eta azpiegiturak» behar dituela, «eta ez dirulaguntzak».