Ane URKIRI ANSOLA
OSASUNA

Arrasatek bere agurra iragarri osteko lehen garaipen gozoa

Arnaizek lehen minutuan zulatu zuen atea, Aresoren pasea sareetara bidalita, eta hamargarren minutura iritsi aurretik, Budimirrek mahaian beste kolpe bat eman zuen, 0-2koa eta bere 16. gola eginda. Iker Muñozek egin zuen 0-3koa bigarren zatian.

Osasunako jokalariak, Almerian sarturiko hiru goletako bat elkarrekin ospatzen.
Osasunako jokalariak, Almerian sarturiko hiru goletako bat elkarrekin ospatzen. (AGENCIA LOF)

Aste hunkigarria bizi izan dute gorritxoek, baina, era berean, beste garaipen batek gozatu ere egin du. Jagoba Arrasate entrenatzaileak zioen «lasaitua» eraman zuela behin bere agurra iragarrita, baina segur aski are askeago sentituko da bere taldeak, gorabeherak gorabehera, lehiakortasuna galdu ez duela jabetu denean. Almeriaren aurkako partida tranpa bat izan zitekeen -azken sailkatua da eta garaipen bakarra eskuratu du, aurreko jardunaldian, Pepe Mel aulkian jarri berritan-, eta, beraz, tentuz hartu beharrekoa zen gorritxoentzat. Girona eta Real Madril bezalako taldeen aurka porrota jaso ostean, ezinbestekoa zitzaien garaipenaren bidera itzultzea. Izan liteke Arrasateren agurra pizgarri ere izatea, Osasunan eman dituen sei urte zoragarri hauen trukean.

Kontua da Osasuna Almeriaren gainetik pasatu zela atzokoan, 0-3ko markagailuarekin garaipen gozoa eskuratuta, helburu nagusien borrokan bururik galdu ez izanaren erakusle. Izan ere, Budimirrek ongi esan bezala, txapelketa asko jokatu dituzte sasoi honetan, eta orain «liga soilik geratzen zaigu eta egoera oso onean gaude; garaipen honek sekulako hauspoa eman digu» berriro ere Europara lehiara itzultzeko.

MEZU ARGIGARRIA

«Arrasate saiatu da helarazten azken txanpa hau iaz Kopa galdu ostekoaren antzekoa dela, oraindik ere erronka polita daukagula aurretik, alegia», esan zuen Zenicako beltxargak, sasoi honetako Osasunaren ikurrak. 16. gola egin zuen, golegile nagusien sailkapenean lehen postuan Jude Bellinghamekin berdintzeraino. Sasoiko dago, une gozoan, eta atzo, Almerian, berak eginiko 0-2koa oso adierazgarria izan zen. Batetik, erakutsi zuelako Osasuna oso entxufatuta atera zela, Jagoba Arrasateri ongi gustatzen zaion bezala, eta, era berean, Almeriaren gainbehera ere marraztu zuelako.

Duela bi aste jarri zela Pepe Mel azken sailkatua den taldearen aulkian eta, Las Palmasen garaipena eskuratu bazuen ere, atzo, zorigaiztoko eguna izan zuen lehendabiziko minututik. Jose Arnaizek 0-1ekoa egin zuen 2. minuturako, etxeko taldearen hutsune eta gabeziak argitara aterata. Ruben Garciak urrats bat atzera egin, barruan Moncayola bilatu, eta bitartean, Aresok hartu zuen eskuin hegal osoa. Atzera pasea egin eta Arnaizek, area ertzetik, jaurtiketa ederra bota zuen sareetara. Talaverakoa Aimar Orozen partez sartu zen hamaikakoan eta oso aktibo ibili zen. Oso funtsezkoak izan ziren moduan Moncayola -Budimirren golean berak estutu zituen atzelariak eta atezaina, ondoren kroaziarrari gola oparitzeko- eta Iker Muñoz, zigortuta zegoen Lucas Torroren lekua hartuta eta 61. minutuan 0-3eko gola eginda, denboraldiko bere laugarrena. Bi hauen jarduteko moduan ere igartzen da Arrasateren zigilua, hein handi batean bere eskutik debutatu baitute.

ESATEKO ASKO

Budimirren goletik (9. minutuan) Muñozek 0-3koa jarri zuen arte, Almeria saiatu zen Osasuna kikiltzen, batez ere Ramazaniren abiadurarekin. Saiakera guztiak bere horretan geratu ziren; Almeriaren gabeziak hain dira handiak, ezen apenas sufritu baitzuen Osasunak. Herrerak parte hartu behar izan zuen aukera bakarra ere bere luzimendurako izan zen. Erraz nagusitu ziren gorritxoak, eta adi, oraindik Jagoba Arrasateren Osasunak asko baitauka esateko.