GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Gironak eta Avenidak turboa sartu dutenean, akabo Gernika eta Araski

Euskal talde biek, nabarmen galdu arren, maila oso duina erakutsi zuten, eta bizkaitarren kasuan, gainera, atsedenaldira arte aurretik joan ziren. Baina berdin Malosten zein Mendizorrotzan, kanpoko taldeko jokalari garaienek beren legea ezarri zuten.

Gironako barruko jokalariak geraezinak izan ziren Gernikarentzat. (@LOINTEK GERNIKA)

Nahi baino gehiagotan, Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak sekulako belarrondokoak jaso dituzte Perfumerias Avenida eta Gironaren aurka. Atzo, zorionez, ez zen halakorik gertatu, euskal taldeek lan duina egin zutelako. Baina talde handi hauek turboa sartu zutenean airean eraman zituzten hala gernikarrak nola gasteiztarrak.

Are gehiago, Lointek Gernika Bizkaia Girona baino gehiago izan zen Malosteko aurreneko 20 minutuetan. Saskia aurkitzea kostatu egin zitzaion talde katalanari aurreneko erdian, eta 30-22 aurretik ere izan zen Lucas Fernandezen taldea. Alabaina, atsedenaldira 34-28 iritsi ostean, Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarrak zuzentzen duen taldeak aurpegia goitik behera aldatu zuen, eta hirugarren laurdenean buelta eman zion norgehiagokari 10-20ko partzial bati esker. Tolo, Magarity eta Bertsch jokalarien kalitatea eta indarra larregizkoa izan zen bizkaitarrentzat, nahiz eta zazpi minuturen faltan 52na berdinduta zeuden Roso Buchen partida bikainari esker.

Azkenean, baina, ezin hamalaugarren garaipenik erdietsi bizkaitarrek, eta Top 8an sartzeko lehian bederatzigarren postuan dira, 13-14ko balantzea alde dutela.

BARRUKO JOKOA

Malosten bezala Mendizorrotzan ere, kanpoko taldearen barruko jokoaren indarrak ezarri zuen aldea. Mendizorrotzan Malosten bertan baino areago, gainera.

Sika Kone iaz Emakumeen Endesa Ligako saskiratzaile onena izan zen Kanaria Handia taldearekin, eta aurten ikusteko zegoen Euroligako mailako talde batean zer-nola erantzungo zuen. Bada, hegaleko pibot gaztea bikain ari da Perfumerias Avenidan. Mendizorrotzan 24 puntu bildu zituen, horietatik 11 lehen laurdenean. Laura Gil ere, 15 punturekin, bikain aritu zen. Bien artean aurreneko laurdena amaitzerako partida bideratuta laga zuten: 13-22.

Kutxabank Araskik beldurrik gabe erantzun zuen eta tarteka ongi moldatu zen. Burani edo Txell Alarconen lana aipagarria izan zen, baina Sammy Hill izan zen gasteiztarren artean onena, 19 punturekin. Maila mantentzea oraindik bermatu ez badu ere, bere eskuan dauka talde arabarrak.