GARA
BILBO

Bizkaiko Uberreko grebak eragin handia izan du, ELAren arabera

Bizkaiko Uberreko langileak greban daude egunotan, hitzarmena berritzeko enpresaren «borondate falta» salatzeko. Atzo izan zen protestaren lehen eguna, eta Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Langileen jarraipen handia nabarmendu zuen ELAk.

Sindikatuak azaldu zuenez, zenbait bilera egin dituzte enpresarekin arazoak konpontzeko, «baina enpresaren ezezkoarekin topo egin dute». Aldarrikapenen artean daude soldata hobetzea, lanaldia benetako lanorduetan zenbatzea eta oporrak behar dutenaren arabera eskatu ahal izatea. Bestalde, baldintzak Madrildik negoziatzen ari direla salatu dute.

Gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean izango dira 11.00etan, eta 17.00etan enpresaren atarian Getxon. Bihar izango da hirugarren greba eguna.