GARA Euskal Herriko egunkaria

Gurutzetako larrialdietan erizain gehiago aritzea eskatu du ELAk


Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuko zuzendaritzak «udako oporretarako erizaintzako plantilla murriztea» erabaki duela ohartarazi zuen atzo ELAk. «2023an 29 kontratazio egin zituen, eta 2024an 25 baino ez ditu aurreikusi, hau da, iaz baino lau gutxiago. Erabaki horrek zuzenean eragiten du erizainen oporrak hartzeko eskubidean».

Urrian, zuzendaritzak larrialdietan erizaintzako langileei errefortzu txanda ezarri ziela gogora ekarri zuen. «Bost hilabeteren ondoren, txanda horietan hutsune bat gertatzen denean, zuzendaritzak bete gabe uzten du, eta eragin negatiboa du gainerako langileen lan kargan eta zerbitzuan».

Sindikatuak salatu zuen erabaki horiek «aurrezteko helburuarekin» hartu direla. Horren aurrean erizaintzako eta gainerako kategorietako egiturazko plantilla indartzea galdegin zuen.