GARA
BILBO

Estatua Europar Kontseilura, familia gurasobakarrak baztertzeagatik

ELA sindikatuak salaketa aurkeztu du Estatu espainolaren aurka Europar Kontseiluan, iritzita guraso bakarreko familiak diskriminatuta daudela; izan ere, adingabearen jaiotza eta zaintza baimena 16 astera mugatzen da, hau da, bi gurasoko familiek duten denboraren erdira.

Bi gurasodun umeak 32 astez zaindu ditzakete gurasoek; familia gurasobakarrei, aldiz, 16 asteko baimena aitortzen zaie. «Diskriminazioa dakar adingabearentzat, mugatu egiten baita zuzeneko senideak zaintzen duen denbora», adierazi du ELAk.

Erreklamazio kolektiboa aurkeztu dute Madres Solteras por Elección elkartearekin batera, uste baitute «betikotu egiten dela emakumeen diskriminazioa», guraso bakarreko familien buruak emakumeak izaten direlako, eta «ukatu egiten da, gainera, adingabeek bi gurasoko familietako umeen baldintza berdinetan zainduak izateko duten eskubidea».

Europako Gutun Soziala ez betetzeagatik martxoaren 12an jarri zuten demanda kolektiboa, eta Gizarte Eskubideen Europako Batzordearen hurrengo osoko bilkuran aztertuko da onargarritasuna.

EPAIEN ZAIN

ELAk ohartarazi du Konstituzio Auzitegiak «Auzitegi Gorenak emandako ezespen epaien aurrean guraso bakarreko familien banakako hainbat errekurtso» ebatzi zain jarraitzen duela. Espainiako Auzitegi Gorenak ukatu egin zien familia gurasobakarrei seme-alaben jaiotzagatiko eta zaintzagatiko prestazioan aste bikoitza izateko eskubidea, ELAk irabazitako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia baliogabetuz.