GARA
DONOSTIA

17 lagun auzipetu ditu Auzitegi Nazional espainiarrak, Ibai Aginaga preso ohiari harrera egitea egotzita

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak 17 lagun auzipetu ditu Ibai Aginaga preso ohiari 2022ko martxoan Berangon harrera egitea leporatuta. Aginagak 21 urte baino gehiago eman zituen espetxean, eta zigorra bere osotasunean bete behar izan zuen.

Europa Pressek zabaldutako auto batean, Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegi Zentraleko titularrak dio zantzuak aurkitu dituela auzipetuek, horien artean Aginagak berak, «terrorismoa goratzeko delitua egin zutela pentsatzeko».

Ebazpenak dio ikertuek «ETAren eta haren kideen terrorismoa goraipatzeko ekitaldiak» antolatu eta egin zituztela, «erakunde terrorista horren indarkeriazko metodoak oraindik ere beren helburuak lortzeko baliagarriak diren ideia bizirik mantentzeko».

Era berean, Jardun, Tinko eta Gasteizko Elkartasun Komitea (GEK) mugimenduek ekitaldi horretarako deia egin zutela nabarmentzen du.

Argudio gisa, adierazten du Berangon izan ziren «250 bat lagunek txalo eta oihu egin eta banderak astindu» zituztela, «ohorezko pasabidean».

Aginagari leporatzen dizkion esanak ere «terrorismoaren goratzea» direla uste du: «Aurreko belaunaldiek borrokatu zuten bezala, oraingoak eta etorkizunekoak ere borrokarako eta duintasunerako leku horretara joango dira».