Ibon LEIBAR BELASTEGI eta Koldo ZARATE ONAINDIA
Euskal Herrian Euskarazeko kideak eta athleticzaleak
KOLABORAZIOA

Harrotasun zuri-gorria, euskara sustatzeko palanka

Gaur Sevillan izango dugun kopako finalaren harira, gure bizitzetako oinarrizko bi elementuz hitz egitera gatoz hurrengo lerroetan: Athletic eta euskara. Norbaitek pentsa lezake euskarak ez duela eliteko futbolak inguruan daukan zirkuarekin bat egiteko beharrik edota ez ditugula nahastu behar futbola eta politika. Guk, ordea, umetatik harro sentiarazi gaituzten eta, distantziak distantzia, antzekotasun asko dituzten bi kontzeptu bateragarri bezala ikusten ditugu.

Athleticzale oro harro gaude gure taldeez; izan emakumezkoen nahiz gizonezkoen taldeek irabazitako tituluez, lehen mailan ozta-ozta eutsitako urteez, harrobiaz edota aurtengoa bezalako denboraldiez. Modu berean, harro sentitzen gara gure herriaz, kulturaz eta hizkuntzaz; harrotasun hori lau haizeetara zabaltzeko, oraintxe, momentu egokia dela uste dugu, gainera. Komunitate baten parte izateak, ez beti, baina askotan, horixe dakar: harrotasuna.

Badakigu, beharbada, euskara osasuntsuen dagoen alorren artean ez daudela futbola, Bilbo edota komunikabide nagusiak, eta, hain justu, horrexegatik ikusten dugu horietan eragiteko beharra. Euskarak eremu horiek ere hartu behar ditu, urte batzuk barru, besteak beste, milaka euskal herritar batzen dituen San Mamesen, euskara izan dadin gehien entzuten den hizkuntza.

Azken hilabeteetan, ekitaldi ezberdinek erakutsi duten modura, hala nola, Korrikak, Euskal Selekzioaren partidak edota Euskal Herriko Itzuliak, aukera horiek aprobetxatu behar ditugu kaleak hartu eta euskararen zein Euskal Herriaren aldeko olatu berri bat pizteko. Baita hurrengo urteetan emaitzak ekarriko dituzten planteamenduak plazaratzeko ere.

Oro har, harro gaude Athleticen balioez eta, Korrikak argi erakutsi duen bezala, baita herri honetaz ere. Beharra ikusten dugu euskaldunon harrotasuna −hitzaren zentzu onean− erakusteko, gure komunitatea berpizteko, gure eskubideak aldarrikatzeko, aspaldian estankatuta dauden politikak aldatzeko eta, gizarte globalizatu honetan, eraginkorrak izango diren neurriak eskatu eta aplikatzeko.

Hori horrela, Euskal Herrian Euskarazek deitu duen Euskaldunon Harrotze Astean parte hartzeko deia egiten dizuegu. Apirilaren 22tik 28ra, euskararen aldeko aldarriak zabaltzera, ekintza desberdinak antolatzera eta egindakoak EHErekin partekatzera animatzen zaitugu, euskaltzale. Euskal Herri osoan eguneroko jarduna euskaraz izatea helburu, aste hori eta euskararen alde egiten diren bestelako egitasmoak horretarako abiapuntu bezala baliatzera gonbidatzen zaituztegu. Era berean, kirol taldeei dei egiten dizuegu euskara planak garatzera eta horiek zuen taldeetan martxan jartzera; hala, kanpo nahiz barne komunikazioetan, euskararen presentzia areagotu dadin. Kirolzaleoi eta athleticzaleoi, berriz, euskara edonon eta edonoiz erabil dezazuen.

Futbolaz, eta oro har kirolaz, eta euskaraz ere gozatu dezagun; harrotu athleticzale! Harrotu euskaltzale!