Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Epena mendiaren iparraldeko murruan, jaitsiera magistrala

Xavier Cailhol eta Symon Welfringer frantziarrak izan dira protagonistak. Hirumilakora bizikletekin hurbildu ziren, eta, gehienez, 50-60 graduko sekzioak gainditu behar izan zituzten. Horma horren lehendabiziko jaitsiera izan da.

Cailhol-ek eta Welfringerrek zailtasun handiko jaitsiera egin dute Epena mendian.
Cailhol-ek eta Welfringerrek zailtasun handiko jaitsiera egin dute Epena mendian. (Symon WELFRINGER)

Xavier Cailhol eta Symon Welfringer frantziarrak izan dira protagonistak. Hirumilakora bizikletekin hurbildu ziren, eta, gehienez, 50-60 graduko sekzioak gainditu behar izan zituzten. Horma horren lehen jaitsiera izan da.

Epena mendiak (Vanoise, Frantzia) ez du Alpeetako hainbat txokotan dauden laumilakoen garaiera. 3.412 metro ditu, baina alpinista frantziarrentzat iparraldeko isurialdeak ukitu berezia du. Itzela bezain zorrotza da. Horretaz gain, aldats oso tenteak ditu. Agian horregatik iparraldeko murru hori ez da orain arte eskiekin jaitsi.

Hori iragana da; izan ere, martxoaren 22an, Xavier Cailhol eta Symon Welfringer frantziarrek lehen jaitsiera lortu zuten. Aldapa tente oso jarraituak ditu, eta, denera 1.000 metroko desnibelari aurre egin behar izan zioten. Sekzio oso zailetan arreta handiz jardun behar izan zuten. Bai, gehienez, 50-60 graduko aldatsak izan zituzten aurrez aurre.

Eskiekin jaitsitako marra “Pas de rose sans epine” izendatu dute. 5.6 E4 maila du; hots, zailtasun horretako munduko laugarren ibilbidea da. Aipatu dugun sailkapen horrek eskiatzen diren metroen zailtasuna, igoera eta duen giro orokorra jasotzen ditu.

Protagonistei dagokienez, aipatu behar dugu alpinista oso zailduak direla. Welfringer, adibidez, mediatikoa da; besteak beste, egiten dituen goi mailako jarduerengatik. Alpeetan zein munduko beste mendilerro batzuetan eskalada bikainak egin ditu. Urrezko Piolet bat ere badu. Baina ez da alpinismoan aritzen soilik. Kirol eskaladan 9a mailara iritsi da, eta hormatzarretan konpromiso handiko igoerak egin ditu. Eta, bistakoa denez, eskiekin ere bikain moldatzen da. Nahiz eta oso alpinista indartsua den, Cailholek ez du bere kidearen sona bera. Halere, pente raide edo aldats pikoetan espezialista handia da.

Ondo ezagutzen dute elkar, eta kimika horrek eraman ditu Epena mendian arrakasta lortzera. Helburu nagusi hori sinatu aurretik pare bat jaitsiera azpimarragarri egin zituzten. Lehenbizikoa, Grande Casse mendian (3.855 m): “La Vuvuzela” (500, 5,3, E4). Bigarrena, Arcelin mendiaren mendebaldeko aurpegian (5,4, E3).

Berez, esku artean beste erronka handi bat zuten: Matterhorn edo Cervino. Mendi enblematiko zein estetiko horretara martxoaren erdialdean joan nahi zuten. Plan zehatza zuten: Albertvilletik eskiekin irten, Matterhorn igo eta pendiz handia duen ekialdeko isurialdetik jaitsi. Baina Welfringerrek (meteorologoa ere bada) ez zituen baldintza onak ikusi (oso lehor zegoen) eta beste helburu bat aukeratu zuen; alegia, Epena.

Martxoaren 21ean irten ziren bizikletekin Cailholek Albertvillen duen etxetik. Biharamunean, goizaldean (3.20an), alpinismorako ohiko tresneriarekin Champagny-le-Haut herritik Epena mendira abiatu ziren.

Iparraldeko murru zorrotz horrek bisita gutxi ditu, eta bi frantziarrok labirinto horretan sartu ziren. Zalantza ugari izan zituzten igoeran. Eskiekin jaisteko ibilbidea ez zen oso agerikoa. Hainbat sekzio aleatorio eta izotzezko plaka batzuk ikusi zituzten.

Cailholek horma hori ezagutzen zuen. Duela hiru urte anaia Theophilerekin eta Corentin Gonzalezekin igo zuen. Berriro ere gogoratu behar dugu iparraldeko pareta zorrotza dela, hots, zailtasun handiko alpinismoa praktikatzeko inguru berezia. Adibidez, Leo Billon edo Benjamin Vedrines alpinista zailduen bisita izan du.

Igoeran zehar izan zituzten zalantzen inguruan Welfringerrek aipatu du beheko sekzioa ez zegoela baldintza egokietan: «Lehen luzean Xavier sokaburu joan zen, baina tarte hori oso lehor eta puskatuta zegoen. Eskuinaldera jo genuen, eta 60 metroko izotzezko luze bat igo eta gero, zalantza horiek desagertu ziren. Hormaren goiko parteak askoz ere elur gehiago zuen. Lasaitu ederra hartu genuen! Xavier oso pozik zegoen; izan ere, eskiekin jaitsi behar genuen ibilbidea egoera onean ikusi zuen. Isuriaren erdialdean, berriz, aldats oso tente bat zegoen. Elurraren baldintzen inguruan ere zalantzak izan genituen. Gainera, igotzen ari zaren bitartean ez zara gai ulertzeko sekzio horietatik jaits daitekeela. Une jakin batean, jaitsiera hori ez zen jardueraren funtsezko arlo bat».

50-60 GRADUKO ALDATSA

Telefonoaren gailu batekin hartutako neurketek pendiz hori markatzen zuten. Gainera, inklinazio oso jarraitua zen. Aldatsa 50 gradutik gora ia beti, eta 250 metroko tarte batean 50-60 gradu. Eta hori guztia zintzilik dagoen 400 metroko arrokazko murru baten aurrean.

Igoera zail hori egin eta gero, eguerdirako tontorrean ziren. Amaiera horretan ere baldintza kaskarrak zeuden; soilik 3 zentimetroko elur geruza. Zati hori eskiatzeko aukerarik ez zutenez, hiru rappel egin zituzten. Lehen biraketak ez ziren samurrak izan: 50 graduko pendiza. Jaitsiera tente horietan espezialista handia denez, Cailhol gozatzen ari zen; inoizko biraketa ederrenak egiten ari zen. Welfringer, aldiz, ez da hain iaioa, eta arreta eta kontzentrazio handiarekin jardun behar izan zuen.

Elurraren baldintzak onak ziren: itsaskorra eta egonkorra. Alabaina, kontzentrazio maila oso altua zen; protagonistok diote %1.000koa zela: 400 metroko desnibela batez besteko 55 graduko pendizarekin.

Welfringerrek adierazi du kontzentrazio maila hori aldats pikoetan handiagoa dela alpinismoan baino. Ibilbidearen giltza gainditu ostean, azken tarte gogorrari ekin zioten. Lasaitasuna helduko zela zirudienean, alpinistok oraindik 40 metroko bi rappel egin behar izan zituzten sekzio zabal batera iritsi ahal izateko. Sigi-sagan eta inklinazio moderatu batean, iparraldeko isurialdearen oinarrira 16.00etan heldu ziren.

Nahiz eta jarduera osoaren zailtasun eta buruhauste guztiak atzean utzi zituzten, bi frantziarron abentura ez zen amaitu. Eskiak kendu, tresneria guztia motxilan sartu, bizikleta hartu eta 55 kilometro egin zituzten Albertvillera iristeko. Taberna batean ospatu zuten Epena mendiaren iparraldeko murru laiotz eta zorrotzean eskiekin eginiko lehen jaitsiera: “Pas de rose sans epine”.

Garagardo batzuen bueltan, Cailholek eta Welfringerrek ekuazio batzuk argitu behar izan zituzten. Bi protagonistok diote izen aproposa jarri ziotela, baina jaitsiera duen mailari dagokionez zalantzak izan zituztela. Esan bezala, 5.6 E4 jarri diote.

Cailholek bere kideak baino eskarmentu handiagoa du pente raide izeneko modalitatean. 5.5 E4 mailako hainbat jaitsiera egin ditu, eta, beste espezialista batzuekin hausnartu ondoren, aipaturiko zailtasuna proposatu du. Cailholek berak dio inoizko zailena izan dela: «Igotzea zein jaistea oso zaila da. Baldintzak nahiko bitxiak dira, eta eremu horiek babesteko ez dira errazak. Ez dugu polemikarik nahi; izan ere, puristen artean eztabaida handia dago».