GARA Euskal Herriko egunkaria
JOSE ANTONIO ARDANZA HIL DA

Jose Antonio Ardanza frankismo ondoko bigarren lehendakaria hil da

Jose Antonio Ardanza, frankismo ondorengo bigarren lehendakaria izan zena, gaur hil da 82 urte zituela. 1985etik 1999ra EAEko lehendakari izan zen eta, beraz, urte zurrunbilotsu haietako politika lehen lerroan bizi izan zuen. Lehendakaritzatik, Ajuria Eneko Itunaren bultzatzailea izan zen. Hil-kapera Ajuria Enean ezarriko dute asteazkenean.

Ardanza, bere oroitzapenak aurkeztu zituenean, 2011n. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Jose Antonio Ardanza Garro, frankismoaren osteko bigarren lehendakaria izan zena, arratsaldean hil zen gaixotasun luze baten ondoren. 1941eko ekainaren 10ean Elorrion jaioa, EAJren jarraitzaile izan zen gaztetatik, EGIko kide zela. Erakunde horretako zuzendaritzan ere egon zen. Lehenengo ikasketak Derioko Seminarioan egin zituen eta gero Durangoko Jesuiten Ikastetxean. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen eta Lan Kide Aurrezkian lan egin zuen lege alholkulari gisa, 1979an Arrasateko alkate izendatu zuten arte.

Lau urte geroago, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautatuta, lurralde horretako ahaldun nagusi izan zen, eta 1985ean, EAJren eta EAren arteko zatiketa gertatu eta Carlos Garaikoetxeak Lehendakaritza utzi zuenean, bera izendatu zuten lehendakari.

1986ko hauteskundeetan, Lehendakaritzarako hautagai aurkeztu zuen bere alderdiak eta, honek boto gehien lortu bazituen ere, PSEk eserleku gehiago eskuratu zituen, 19 hain zuzen. Hala ere, jeltzaleen 17 eserlekuak akordio baterako baliatu eta Ardanzak lehendakari karguari eutsi zion. Orain artean Lehendakaritzan gehien iraun duen agintaria izan da, eta EAJko sektore «moderatu eta autonomistakoa» izateak EAJren eta PSEren arteko gobernu koalizioak urte askoan irautea erraztu zuen.

AJURIA ENEKO ITUNA

Haren agintaldiak gatazka politikoaren adierazpen armatuak eta estatuen errepresioak baldintzatuta egon ziren, eta bere Gobernuak zenbait eskuduntza lortu zituen, hala nola Ertzaintzaren hedapena. 1988an EAJk “Arriagako espiritua” delakoari ekin zion, «Espainian eroso» egoteko norabidean, eta urte berean Ardanzak Ajuria Eneko Ituna sustatu eta antolatu zuen, ETAren aurkako alderdi-fronte bat, ezker abertzalea baztertuta eta etsai gisa seinalatuta.

1989an, Aljerren ETAren eta Gobernu espainolaren arteko negoziazio politikoak izan zirenean, ez zuen izan haien aldeko oso jarrera argia, eta negoziazio betean Ajuria Eneko Itunak «bakearen aldeko» manifestaziora deitu zuen, ETAren aurkako manifestaziora alegia, Ardanza buru zuela.

1990eko hauteskundeak EAJk irabazi zituen; ez gehiengo osoz, ordea, eta denbora labur batez Eusko Alkartasunarekin eta Euskadiko Ezkerrarekin hiruko Gobernua osatu ondoren, PSErekiko koalizioa errepikatu zuen. Gobernu hark Ramon Jauregi eta, gero, Fernando Buesa izan zituen lehendakariorde, eta Rosa Diez, ondoren UPyDko buru izan zena, sailburu.

1996an Nafarroako presidente Javier Otano PSNkoarekin komunitate bien organo bat sortzea adostu zuen, baina Nafarroako hiruko gobernua -PSN, Nafarroako Demokraten Elkargunea (CDN) eta EAk osatua- desegin zenean, bertan behera geratu zen akordioa, abiatu aurretik.

Oraindik lehendakaria zela, 1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil zuen. Iaz, Radio Euskadiko elkarrizketa batean, gertakari hura gogoratu zuen Ardanzak. Esan zuenez, bere Barne sailburu Juan Mari Atutxak Barne ministro espainiar Jaime Mayor Orejari eskatu zion jendaurreko adierazpen bat egiteko, ETAren eskaera, euskal presoak Euskal Herriratzea, 48 orduan betetzea ezinezkoa zela esanez. Mayor Orejak erantzun zion Gobernuak ez duela «terroristekin negoziatzen». Ardanzak, 2022ko uztailean hura gogoratzean, esan zuen: «Gustura jakingo nuke bahitua Mayor Oreja edo Aznar izan balitz, zer gertatuko zatekeen».

1998an, Ajuria Eneko Itunaren gainbehera nabarmena zela, hura osatzen zuten alderdien arteko «mugarik gabeko elkarrizketa» bultzatzeko “Ardanza plana” aurkeztu zuen EAEko marko juridikoaren inguruan akordio berri bat bilatze aldera, baina ez zen aurrera atera.

LIZARRA-GARAZIKO ITUNA

Urte berean, EAJk Lizarra-Garaziko Ituna sinatu zuen, ETAk su-eten mugagabea iragarri zuen eta PSNk Gasteizko Gobernua utzi zuen. Ordurako Ardanzak iragarria zuen Lehendakaritzarako berriro ez aurkezteko asmoa, eta 1999ko urtarrilean Juan Jose Ibarretxek ordeztu zuen Lehendakaritzan.

Garai hartan egin zuen Ardanzak bere lehen elkarrizketa “Egin”-ekin. Ordura arte ez zuen behin ere onartu egunkari horrekin hitz egitea, eta haren jarrera oso gogorra izan zen bere agintaldian, Barne sailburu Juan Mari Atutxarekin batera boikota sustatuz. Lehendakariak esan zuen “Egin”-i boikot egitea beharrezkoa zela «higiene demokratikoagatik».

Goi mailako politika utzita, Tubacex enpresako aholkulari eta Euskaltel konpainiako presidentea izan zen 2011ko abendura arte. Aurreko urtean bihotzekoak eman zion eta ospitaleratu egin zuten, eta harrezkero bere jardun profesionala moteldu behar izan zuen.

Urte hartan aurkeztu zuen bere oroitzapenak biltzen dituen liburua, “Euskadi bihotzean” (Txertoa, 2011). Bertan EGIko kide, Arrasateko alkate, Gipuzkoako ahaldun nagusi eta lehendakari izan zeneko oroitzapenak kontatzen ditu batez ere, eta garai luze hartako hainbat gertakari eta esperientzia, hala nola 1981eko estatu-kolpe saiakera, Garaikoetxeak Lehendakaritza utzi zuenekoa, Aljerreko negoziazioak, GAL eta Felipe Gonzalezekin, errege espainiarrarekin, Aznarrekin eta beste askorekin izandako harremanak...

Liburu horren aurkezpenean pozik agertu zen ETAren jardunaren amaierarekin. Halaber, esan zuen espero zuela «demokraziak eskuzabal jokatzen jakitea», «batzuek eta besteek» sufritutakoaren ondoren «denon artean elkar ulertzea» lortzeko.

DOLUMIN UGARI

Lakuak hiru dolu-egun ezarri ditu Ardanzaren heriotzagatik, atzo arratsaldeko hiruretan hasita osteguneko ordu berera arte.

Gaur Iñigo Urkullu lehendakariak adierazpen instituzional bat egingo du heriotzaren inguruan.

Bihar hil-kapera jarriko da goizeko hamarrak eta arratsaldeko ordu biak bitartean, Ajuria Enea jauregian. Hileta-elizkizuna eta meza bihar arratsaldeko zazpietan izango dira Elorrion.

Sentsibilitate politiko gehienetako ordezkariek dolumina adierazi zuten atzo.

EAJk ohar hau zabaldu zuen sare sozialetan: «Jose Antonio Ardanza Garro gaur zendu da, Kanalan, etxean. Min eta atsekabe handiz hartzen dugu berri hau. EAJ-PNV osatzen dugun gizon eta emakumeok gure doluminak luzatu nahi dizkiegu bere emazteari, Mari Glori Urtiaga, alaba-semeari, Nagore eta Aitor, eta familia osoari. Goian bego Ardanza lehendakaria, pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea».

Lehendakarigai jeltzale Imanol Pradalesek esan zuen Ardanza «belaunaldi oso batentzat eredu» izan zela.

Ardanzarekin «gure herriaren zati bat» joan dela nabarmendu zuen Juan Jose Ibarretxek, 1999 eta 2009. urteen artean lehendakari izan zenak, X sare sozialean argitaratutako mezu batean.

Halaber, 2012tik Lakuako Gobernuaren buru Iñigo Urkulluk ere ohar baten bidez azpimarratu zuen Ardanzak «atsedenik gabe» lan egin zuela, «bakearen eta bizikidetzaren alde, baita Euskadiko ekonomia eta industria suspertzearen alde ere».

PSEtik, 2009tik 2012ra bitartean Gasteizko gobernuburu izan zen Patxi Lopezek ere mezu bat argitaratu zuen X sare sozialean Ardanza gogoratuz: «Demokrata guztien batasuna indarkeriari eta terrorismoari aurre egiteko tresnarik onena dela ulertu zuen lehendakaria izan zen Jose Antonio Ardanza».

Nafarroako lehendakari eta PSNko kide Maria Chivitek ere bere atsekabea adierazi zuen Ardanzaren heriotzaren aurrean, eta lehendakari ohiak bakearen eta «ezberdinen arteko elkar ulertzearen» alde egin zuen ekarpena goraipatu du.

EBBko presidente Andoni Ortuzar hunkituta agertu zen alderdikidearen heriotzagatik.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere X sare sozialaren bitartez helarazi zien dolumina Ardanzaren gertukoei, eta gauza bera egin zuen koalizio abertzalearen lehendakarigai Pello Otxandianok ere.

Eneko Anduezak eta Alba Garciak, hurrenez hurren PSEko eta Sumar alderdiko lehendakagaiek ere, dolumina adierazi zuten.

Politika munduko eta beste arlo batzuetako pertsona askok agertu zuten atzo beren samina; besteak beste, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, Donostiako alkate Eneko Goiak, Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzainak eta PPko Carlos Iturgaizek, baita erakunde ugarik ere, hala nola Eusko Alkartasuna alderdiak eta Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaritzak.

Kataluniako ordezkari politikoen aldetik ere ere iritsi ziren mezuak, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta hautagaiarena: «Ardanza lehendakaria zendu da, bake-gizona eta bere nazioarekiko leiala», esan zuen X sare sozialean.

JxCat alderdiko idazkari nagusi Jordi Turullek ere antzeko mezua zabaldu zuen.