GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Zabala eta Dario errioxarren indarra kontrolatu gura dute Elordik eta Zabaletak

Buruz Burukoaren final-laurdenetako ligaxka ostiralean hasiko da Gasteizen. Txapeldunak bere jokoak piztu dituen zalantzak uxatu nahi ditu.

Elordik bere joko onenera itzuli nahi du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Buruz Buruko Pilota Txapelketa final-laurdenetako ligaxka hastera doa. Ostiralean Gasteizko Ogeta pilotalekuan iazko txapeldunaren, Aitor Elordiren txanda izango da Jose Javier Zabala aurrelari errioxarraren aurka. Mallabikoaren debuta izango da, Naiarako aurrelariak pasatu den asteburuan Mikel Urrutikoetxea txapeldun ohia bidetik atera zuen bitartean.

Atzoko pilota aukeraketak ez zuen, itxura batean, beste munduko ezer eragin, nahiz eta jakin Ogeta ez dela defentsan aritzeko frontoirik erosoena.

Mallabiko aurrelariak iaz urte biribila osatu zuen, Binaka eta Buruz Buruko txapelak jantzita, baina aurtengoa beste kontu bat izaten ari da. Elordiren iritziz, «txapelak jantziz geroztik ez dut atsedenerako astirik izan egiaz, baina, Binakako Txapelketatik kanporatuta geratu ostean, prestatzeko tartea izan dut eta azken aldian berriz ere txispa eta bizitasuna antzematen hasi naiz nire kolpean eta jokoan».

Zentzu horretan, prestaketa fisikoa «zorrotz eginda» omen dator aurrelari bizkaitarra, eta hori baliatu nahi luke Zabalaren aurka ligaxkako aurreneko puntua erdiesteko.

«Dakidan moduan jokatu beharko dut, iazko arma berberekin. Saketik pilota ezker horman sartzen eta pilota baztertuta, berari gauzak ahalik gehien zailtzen saiatuko naiz, hasteko. Berak piloteoa menpean hartzen badu, boleaz eta ezker airez pilota eskuan ahalik ondoen sartu eta indartsu astindu beharko dut, bera atzera bidali nahian. Eta erasoko aukerarik txikiena azaltzen den momentuan, aurrerapauso bat eman eta gantxoz edo boleaz txokora, baina tantoa bukatzen saiatu beharko dut behintzat», laburbildu zuen Buruz Buruko txapeldunak.

ARROTZA PARADISUAN

Larunbatean, bestalde, Iruñeko Labrit pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak Jose Javier Zabaletak eta Dario Gomezek.

Binakako Txapela bosgarren aldiz jantzi ondoren, Erik Jaka Buruz Buruko txapeldun ohia atzean laga behar izan du Zabaletak, final-laurdenetan lekua egiteko. Aurrelarien erreinuan dabilen atzelari bakarra da, ordea, Etxarrengoa, eta Darioren aurka ez du lan errazik aurkituko, txapelketarik garrantzitsuenean bidea urratzen jarraitzeko.

Kasu honetan, aldiz, materiala ez zuen horren gustukoa izan. «Joan den astean esan nuen pilota oso biziak iruditzen zaizkidala buruz buru aritzeko. Sebo asko ere ematen diote, eta horrela botera jokatzea oso zaila da», aipatu zuen, nahiz eta Labriten aukeratu duen materialarengatik ez zuen ezer txarrik adierazi.

Bestalde, birritan jokatu dute Zabaletak eta Dariok elkarren aurka, eta atzelari nafarra nagusitu da bietan. Horrez gain, Ezkaraikoak bi hilabete jokatu gabe pasatu ditu eskuetako minaren erruz.