GARA
BILBO

EAJk «behar dituen tresna guztiak» eman nahi dizkio Poliziari

Imanol Pradales, Bilbon, besteak beste Juan Mari Aburto eta Elixabete Etxanobe ondoan dituela.
Imanol Pradales, Bilbon, besteak beste Juan Mari Aburto eta Elixabete Etxanobe ondoan dituela. (EAJ)

Segurtasuna eta polizia eredua hizketagai nagusi izan zituen EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesek atzo, eta lerroburu deigarriak eman zituen. Alde batetik, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin egindako elkarrizketetan, Polizia ereduaz hausnarketa egiteko EH Bilduk proposatutakoaren aurrean jeltzaleak zera esan zuen: «Bobbyen eredua defendatu genuen, baina ETAk dianan jarri zituen ertzainak eta eredua hankaz gora jarri zen».

Gaineratu zuenez, «gero ETA desagertu zen, baina beste terrorismo mota batzuk agertu dira, jihadismoa kasu, eta beste gauza batzuei aurre egin behar zaie: indarkeria matxista, ziberdelinkuentzia… Poliziak hurbila izan behar du, baina lana egiteko tresnak ere behar ditu, gu babesteko. Ertzaintza armagabetu behar dela esaten dutenean, gu ez gara batere ados horrekin».

Are gehiago, Euskal Herria «herri segurua» dela aitortu arren, Pradalesek argi utzi zuen zein ikuspegitik heldu nahi dion auzi honi, eta «zero tolerantzia» jarrera hobetsi zuen, hirietan bereziki sortzen diren arazoak murrizteko.

Ildo punitibista honetan sakonduz, ea lapurretan direnei «kafea eta pastak eskaini behar dizkiegun» esan zuen beste behin ere hautagai jeltzaleak, eta zigorrak gogortzeko aukeraz mintzatu zen.

«SEGURTASUNAREKIN EZ DA JOLASTEN»

Irratiko mikrofonoak itzalita, EAJko hautagaiak ekitaldia egin zuen Bilbon, Juan Mari Aburto alkatea eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia lagun zituela, eta hor ere gaiari eutsi zion. Alde horretatik, segurtasuna indartzearen alde egin zuen, «prebentzio handiagoarekin, baina baita ere gaizkileekin zero tolerantzia» politika ezarriz. Zehazki, bere alderdiak delitu bat baino gehiago egiten duten pertsonentzat zigorrak «gogortzea» planteatuko duela iragarri zuen Pradalesek. «EAJk babestu duen Zigor Kodearen erreformaren emaitzak ebaluatuko ditugu ebasketen eta delitu txikien intzidentzia anitzeko kasuetan. Eta horrekin nahikoa ez bada, ezarritako zigorrak gogortzea bultzatuko dugu. Ez dugu zalantzarik izango. Segurtasunarekin ez da jolasten», azpimarratu zuen.

Segurtasun alorrerako aurkeztu zituen neurrien artean daude «Segurtasun Plan berri bat sortzea; polizia koordinaziorako sistema bat ezartzea; informazio trukea denbora errealean optimizatzeko; ikerketa unitateak indartzea, delinkuentzia antolatuaren aurka modu eraginkorragoan borrokatzeko; lege aldaketak sustatzea, polizia agenteen lege babesa bermatzeko, erronka kriminologiko berrien aurrean; bai eta batzordeak akti- batzea ere, ekipamendua eta materialak hobetzeko, Ertzaintzako langileen ordezkarien parte hartzea aurreikusiz».

Hori guztia eta, errepikatu zuenez, «Ertzaintzak eta tokiko poliziek dituzten lanabesak eta gaitasunak indartzea, behar dituzten tresna guztiak izan ditzaten delinkuentziari aurre egiteko». Bobbyrik ez, beraz, jeltzaleen asmoetan.