Iraitz MATEO
DONOSTIA

Tamara Muruetagoienaren bidea kontatzen duen dokumentala

Torturaren biktimen aitortza lortzeko bidean, indarkeriak beraien ingurukoengan izandako oihartzunak agertu dituzte Ander Iriartek eta Amaia Merinok «Indarkeriaren Oi(h)artzunak» dokumentalean. Tamara Muruetagoienak jarri dizkio ahotsa eta gorputza.

Amaia Merino eta Ander Iriarte, dokumentalaren zuzendariak.
Amaia Merino eta Ander Iriarte, dokumentalaren zuzendariak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Egiaren eta justiziaren bilatzaile nekaezina da Tamara Muruetagoiena. Garden bezain gordin kontatzen du hori Ander Iriarte eta Amaia Merino zuzendariek larunbatean estreinatuko duten ‘‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’’ dokumentalean.

Oiartzungo anbulatorioak Esteban Muruetagoienaren izena darama. Izendapen horren atzean dagoen istorioa kontatu du bere alabak, eta batez ere, biktima gisa aitortzeko egindako ibilbidea, eta oraindik lortu ez duena. Donostiako Giza Eskubideen 21. zinemaldian dokumentala estreinatuko dute bihar, 19.00etan.

Muruetagoiena hizketan agertzen den lehen plano bat da dokumentalaren oinarria, eta bere oroitzapenak irudikatzeko Adur Larrearen animazio garbi eta gardenak erabili dituzte. Ikuspegi oso pertsonal batetik kontatzen du 1977an hasi eta oraindik ere bizirik dagoen istorioa, aitari gertatutakoa, berak bizitakoa eta aitortzaren bidean egindako ahalegina, baita euskal gatazkaren inguruan berak jasotako pertzepzioa ere.

Dokumentalean txikitako oroitzapenak, amarekin Madrilera joan eta Euskal Herriaz aldendu zenekoak, helduaroan Bruselan zein instituzio ezberdinetan giza eskubideen alde egindako lana, eta biktima gisa aitortzeko egindako ibilbidea kontatu ditu. Akaso, dokumentaleko unerik gogor eta hunkigarriena 18 urte bete eta egia jakiten duenekoa da. Amari zuzenean galdetu eta karpeta bat eman zion, aita hil zuteneko albiste, erreportaje eta kronikekin. Orduan jakin zuen egia. Eta aitaren heriotzaren urteurrena zela eta, lehen aldiz itzuli zen Oiartzunera, bertan oihartzun egindako bizipenak kontatu ditu.

BIKTIMEN AITORTZA

Proiekzioaren ostean egindako prentsaurrekoan Iriartek azaldu zuen Merinoren eta bere aurreko lanetan torturaren egia eta gaia ikusaraztea zutela helburu. Honetan baina, Muruetagoienatarren istorioa kontatu nahi zuten: «Aitarena bai, baina baita alabarena ere. Geratzen direnek errekonozimendurantz egin beharreko bidea».

Biktima askori ez zaiola ahotsik ematen salatu zuen Iriartek, eta kasu horietako bat dela Muruetagoienarena. Dokumentalarekin ahots hori jasotzeko ahalgina egin dutela esan zuen.

Merinok azaldu zuen ideiaren abiapuntua: “Non dago Mikel?” dokumentala estreinatu zutenean, Tamara beraiekin harremanetan jarri zen, hark ere horrelako zerbait behar zuela adieraziz.

«Filmaketa emozionantea izan zen», aitortu zuen Merinok. Izan ere, hasiera batean animazioen bidezko labur bat egitea zen haien asmoa, baina, Muruetagoienarekin bildutakoan, kontakizunaren indarra ikusi zuten eta bere lehen planoak zuen indarra baliatu zuten. Ikerketa lana ere egin dute, nahiz eta jada Muruetagoienak ikerketa lan handiena egina zuen aurrez. Eva Forestek jasotako audioak ageri dira: «Kontatzen dizutena ongi dago, baina entzutea beste gauza bat da. Garai horretakoen ahotan testigantzak entzutea oso garrantzitsua da».

Muruetagoiena alabak giza eskubideen alde egindako lana txalotu zuten zuzendariek, «txikitik handira egin nahi izan dugu», aitortu zuten. Eta, horrela, kontakizun pertsonal baten bidez, Estebani egindakoaz gain, horren ondorioak ere bildu dituzte.

Tamara Muruetagoienak bakea lortzeko bidean elkarrizketaren aldarria egin izan duela esan zuen Iriartek, «eta diskurtso hori izanik ere, ez zaio inoiz ahotsik eman. Biktimariorik ez badago, biktimei ez zaie ahotsik ematen», deitoratu zuen. Eta biktimen aitortzarekin oraindik ere dauden oztopoak salatu zituzten.