GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Zer gertatzen da Osakidetzan?


Duela gutxira arte Osakidetzaz harro sentitzen ginen. Orain, berriz, ezin dugu ulertu zer gertatu den. Osakidetzaren zerbitzua behar dugunean, jasotzen dugun arreta ez da espero genuena, jasotako zerbitzua nahiko kaxkarra baita. Honen inguruan ez dakigu asko, gure agintariek ez digutelako informazio zehatzik ematen. Eta, horrela, pixkanaka zerbitzua gero eta gehiago desegiten ari dira. Ordea, hemen informazio pixka bat gehiago Osakidetzako gaur egungo egoera ulertzeko.

Osakidetza 1983ko maiatzean sortu zen. Urte batzuk geroago, eta bi legeen ondoren, 14/1986koa eta 15/1997koa, Azkunak eta Bengoak Osasuna Zainduz plana martxan jarri zuten gure erkidegoan, 1991tik 1993ra bitartean. Urte hauek inflexio puntu bat markatu zuten, horren ondoren Osakidetzaren kudeaketa aldatu baitzen. Osasuna Zainduz plana sindikatuak, langileak eta herritarrak baztertuz onartu zen, eta, horrela, Osakidetza enpresa eta negozio bilakatu zen 1990eko hamarkadan, Margaret Thatcherrek aurretik hartutako neurri neoliberal nahiko antzekoak hartu zirelarik.

Nahiz eta dirua publikoa izan, zerbitzuak emateko orduan, Osakidetzak bere burua enpresa pribatuen bitartez hornitzen du, zerbitzuak azpikontratatuz. Agentziei ematen zaizkie baliabideak eta hauek osasun zerbitzuez arduratzen dira, betiere negozioa ardatz izanik. Eta hau guztia, inolako kontrolik gabe politikari edota herritarron aldetik. Gaur egun enpresa pribatuak normalizatu dira, Osakidetzako egituraren parte izango balira bezala; baina ez, pribatuak dira eta euren langileen lan baldintzak prekarizatzen dituzte, etekin gero eta handiagoak irabazteko.

Osakidetzaren gastua handituz doala esaten dutenean, jakin nahiko nuke nora doan diru hori, ea enpresa hauen zuzendariek jasoko ote duten. Enpresa batzuk Osatek, Medical Dom, Diálisis Bilbo dira, zenbait aipatzearren. Biltegia, garbiketa edo anbulantziak enpresa pribatu hauen mende daude. Eta enpresa hauek itxurak gordetzen dituzte, Osakidetzaren ikurraren azpian ezkutatzen baitira, arropa berdinak erabiliz. Baina enpresa hauek bakarrik euren negozioaz arduratzen dira. Eta hauen goiko lanpostuetan Osakidetzako zuzendari eta sailburu ohiak eta euren senitartekoak egoten dira. Guk, langile eta herritarrok, ordea, ez dakigu zein zerbitzu diren publikoak eta zeintzuk pribatuak.

Osasuna Zainduz planera itzuliz, non bukatu zuten ekimenaren egileek? Enpresa pribatuetan, noski. Osasungintza publikoa saldu zuten eta haiek sortutako eredu korporatiboan parte hartu zuten, gaur egun ate birakari hau oraindik ondo koipetuta dagoelarik. Rafael Bengoa, adibidez, Institut for Health and Strategy-n dago, Madrilgo osasun sisteman, Doce de Octubre Ospitalean. Hemendik Ayusoren politikak gauzatzera joan da hain zuzen. Mikel Alvarez, Mondragon Health-en. Jon Darpon Keralty-n, Jon Azuak zuzentzen duen taldean, Mexikon eta AEBetan osasun publikoa ahultzeko lan egiten duen enpresan. Joaquin Estevez Fundación Española y Directivos de Salud Madrid-en. Gabriel Inclan Quirón-en, eta Angel Larrañaga, Bruesan, Barcenasen paperetan agertzen den enpresan.

Osasun arloan Zainduzetik gertatu den guztia aldatu beharra dago. Borrokatu behar dugu informazioa izateko, hauxe jasotzeko eskubidea baitugu. Lehen Arreta, Osakidetzaren zutabea dena, indartu behar dugu, eta indartzeko eskatu behar dugu. Horren alde borrokatu behar dugu. Osakidetzako eraikinak langilez beteta nahi ditugu, lan baldintza duinekin. Langileak finkatzeko eskatu behar diegu agintariei, eta horretarako borrokatzen jarraitu behar dugu. Eta lortuko dugu.