GARA
ESKUBALOIA

Begi bat Artalekun eta bestea Katalunian

Julen Mujika baja izango da.
Julen Mujika baja izango da. (Jon URBE | FOKU)

Apirilean sartuta, denboraldiko hilabete oso garrantzitsuan murgilduta dago Bidasoa Irun. Asobal Ligako bigarren postua hurbil dute gipuzkoarrek, baina oraindik ziurtatu beharra dute. Asteburu hau gakoa izan daiteke erronka horretan. Izan ere, Jacobo Cuetararen jokalariek jaitsiera gertu duen Sinfinen aurka jokatuko dute gaur Artalekun (16.00), eta atzetik jarraitzen dion Granollersek hitzordu zaila -ezinezkoa ez esatearren- du Liga txapelduna izan daitekeen Barçaren aurka (18.00).

Edozein egoeratan, logikoena litzateke katalanen arteko lehian berdinketa bat eman nahi izatea. Baina Barça boteretsua tartean egonda, eta irundarrekin gol aldea irabazita dutela ikusita, aspaldi da Bidasoak bigarren postua duela helburutzat. Beraz, Sinfini irabazi eta Granollersek galtzea espero dute Artalekun, nahiz eta horrek Barçari titulua emango liokeen.

Gipuzkoarrek berdinketa polemikoa lortu zuten aurreko jardunaldian, hain zuzen ere Granollersen aurka. Atean sartu ez zen baloi batean gola eman zuten epaileek katalanen alde. Horregatik, talde gipuzkoarrak ohar bat kaleratu behar izan zuen astean zehar, Kopan Azken Faserako sailkapena lortu ondoren. Hori bai, Fundacion Agustinos Alicanteren garaipenak beste albiste txar bat ekarri zuen: Julen Mujikaren lesioa. Jokalari gazteak ubeldura bat izan zuen ezker eskuan eta, azterketa erradiologikoa egin ondoren, laugarren metakarpianoko haustura zeiharra duela ikusi dute. Errekuperazio denbora eta jarduerara itzultzea bilakaeraren araberakoak izango direla adierazi du klubak.

ETXEAN SENDO

Orain begirada beste puntu batean dago: Sinfin. Artalekun jokatu beharreko hiru partidak irabazita, Ligako hirugarren postua ziurtatuko lukete. Baina gehiago nahi dute; eta horrek esan nahi du, etxetik kanpo beste laugarren garaipen bat lortuta, bigarren postua bereganatuko luketela. Prestatzaile asturiarrak argi du Artalekuk «gakoa» izan behar duela txapeldunordea izateko. «Gainean dugun higadura eta nekeari aurre egiteko, zaleek estra bat eman diezaguten behar dugu», eskatu du Cuetarak.

Aurkaria beheko tokietan dago, baina horregatik hain zuzen ere arriskutsuagoa izan daitekeela adierazi du: «Gure aurka jokatzeagatik presioa ken dezakete, gehienbat partidan zehar aukerak ikusten badituzte».