GARA
BAIONA

Euskal ordezkaritzak urgentziazko bilera eskatu du azterketen auzia bideratzeko

Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) ordezkariak eta lurraldeko parlamentariek osatzen duten ordezkaritza esku hutsik itzuli da Paristik. Are, azterketen auzia bideratzeko aste honetan finkaturik zen bilera bertan behera utzi zuten, mintzakideen jarrera eskasa ikusita. Presazko hitzordua galdetu diote Hezkuntza ministro frantsesari.

Azterketak Euskaraz dinamikak eraman zuen bere helmugara Korrikaren lekukoa, iragan martxoaren 24an, Baionan.
Azterketak Euskaraz dinamikak eraman zuen bere helmugara Korrikaren lekukoa, iragan martxoaren 24an, Baionan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Joan zen apirilaren 5ean Seaskako berrehun bat irakaslek azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena astindu zuten berriz ere Baionan. Ikasturte amaiera gero eta hurbilago delarik, oraindik ere azterketak ikasten duten hizkuntzan -eta baldintza egokietan- egiteko aukera ez dute bermatuta Seaskan murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek.

Hain zuzen, azterketen auziari bultzada emateko xedez, apirilaren 11n Parisen hitzordua zuten Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) ordezkariek eta Parisen jarduten duten lurraldeko parlamentariek osatutako euskal ordezkaritzak. EEPko lehendakari Maider Behoteguyk eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradun den Antton Kurutxarri izan ziren, baita ondoko lau hautetsi hauek ere: Iñaki Echaniz (PS-Nupes) eta Vincent Bru (MoDem) diputatuak eta Max Brisson (Errepublikanoak, LR) eta Denise Saint-Pee (MoDem) senatariak.

Hezkuntza Ministerioaren izenean Edouard Geffray Dgesco eskola irakaskuntzako Estatu frantseseko zuzendaritzako burua izan zuten aurrean, baita Hezkuntza ministroa den Nicole Belloubeten kabineteko ordezkariak eta Bordeleko akademiako errektorea Anne Bisagni-Faure ere.

Aztergai zituzten lau ga: brebetaren azterketen azalpenen itzulpenak; Seaskako ikasleek bezala, zientzietako azterketa euskaraz egiteko aukera sare publiko eta pribatuan eredu elebidunean jarduten duten ikasleei hedatzea; baxoa azterketaren ahozko frogaren atal bat eta hautaturiko ikasgai baten bukaerako idatzizko azterketa euskaraz pasatzeko aukera eta, azkenean, irakaskuntza elebidunaren eskaintzaren orokortzea.

Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin harturiko hitzorduak hartu zuen norabidea ikusita, euskal ordezkaritzak, bere kexa azaltzeko xedez, bilera bertan behera utzi zuen berehala.

«Hitzordua 14.00etan genuen, eta 14.45ean atera gara aretotik, noranzko bakarreko eztabaida baten ondotik», azaldu dio Iñaki Echaniz Pirinio Atlantikoetako laugarren hauteskunde barrutiko diputatu sozialistak Mediabask hedabideari.

«Gelditzerik ez zen, baxoari doakionez 2019tik heldu diren gai horiei erantzunik ez baitiete eman», gehitu du, ildo beretik, EEPko lehendakari Maider Behotegik.

ALDAKETAK MINISTERIOAN

Aspalditik ezagutzen dute Hezkuntza Ministerioko arduradunek azterketak euskaraz egiteari ezarritako oztopoek Ipar Euskal Herrian sortzen duten ezinegona.

Izan ere, 2022ko irailaren 14an Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoko Departamenduko diputatuek zein senatariek lehenengo bilkura izan zuten Parisen.

Murgiltze eredua eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aztergai izan zituzten, eta hitzordu horren ondoren «aldarte berria» txalotu zuten.

Izan ere, Hezkuntza Ministerioan izan diren aldaketak oztopo bilakatu dira. Halatan, hezkuntza eragileren babespean euskal ordezkaritzak interlokuzio gunea zabaldu zuenetik hona hiru Hezkuntza ministro txandakatu dira.

Hainbat atzerapenen ondotik, aste honetarako deitua zen bilkurara ez zen agertu gaur egun Hezkuntza ministroa den Nicole Belloubet. Hain zuzen, egoera desblokeatzeko asmoz, harekin urgentziazko bilkura galdetu dutela adierazi dute euskal ordezkariek.

Oroitzearren, sei urteko borrokaren ondotik, joan zen ekainean brebeta euskaraz egin ahal izan zuten Seaskako ikasleek. Jarraian, ordea, azterketen azalpenak aurrerantzean frantsesez izanen zirela ohar egin zuen Parisek.

Brebetako azterketetan ikasleek euskaraz erantzuten ahalko dute, baina galderak frantsesez izateak ikasle euskaldunak desabantaila egoera batean ezartzen ditu.Baxoari dagokionez, berri onik ez. Euskaraz ikasi dutena frantsesez azaldu beharko dute, aurten ere, Seaskako ikasleek.