Asier AIESTARAN
PILOTA

Dario maila bikainean itzuli da eta ligaxkako lehen puntua eskuratu du

Errioxarrak bi hilabete zeramatzan jokatu gabe, baina oso bizi jokatu du hasieratik eta 3-14 aurreratu zaio deseroso aritu den Zabaletari. Pilotak gastatu direnean etxarrendarra asko hurbildu zaio markagailuan, baina ez du lortu partida iraultzea.

Dariok ederki asmatu zuen lehen erdian bizi jokatzen eta tantoa azkar amaitzen.
Dariok ederki asmatu zuen lehen erdian bizi jokatzen eta tantoa azkar amaitzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Dario Gomez errioxarrak Buruz Buruko final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua eskuratu zuen atzo Labriten, Jose Javier Zabaleta 17-22 mendean hartuta. Bi hilabetez partidarik jokatu gabe egon arren, Ezkaraiko aurrelariak maila bikaina erakutsi zuen, eta neurketako lehen erdian pilatutako alde handia erabakigarria izan zen garaipena lortzeko.

Urte zaila izaten ari da aurtengoa Dariorentzat. Eskuetako arazoen erruz partida oso gutxi jokatu ahal izan ditu -atzokoa seigarrena- eta, espezialista handia izan arren, ikusi beharra zegoen zer mailatan iritsiko zen urteko lehiaketarik gogorrenetakora. Bada, lehen pilotakadatik oso bizi eta burutsu jokatu zuen.

Pilota ongi mugituz, tantoa azkar amaituz eta Zabaletari pentsatzeko denborarik eman gabe 3-14 eta 5-16 aurreratu zen markagailuan. Egin beharrekoa ongi pentsatuta zuenaren adibide onena bere sakeak izan ziren. Etengabe sakea aldatzen saiatu zen -batzuetan behe-behetik sakatuz, besteetan luze, zabalera ere bai bat edo beste...- eta lehen pilotakada horretatik dantzan ipini zuen aurkaria.

Lehen zati horretan materiala ere lagun izan zuen Dariok. Lurrean irrist egiten zuten pilotek eta Zabaletak ez zuen lortzen hankak ongi pausatu eta bere ohiko pilotakada bortitzak jotzea. Oso deseroso aritu zen etxarrendarra lehen zati horretan, eta bazirudien emaitza eskandalagarri samarra izan zitekeela.

ALDAKETA HANDIA

Apurka-apurka, ordea, partidaren nondik norakoa aldatzen joan zen. Alde batetik, pilotak gastatzen joan ahala, Zabaletak denbora gehixeago izan zuen ongi kokatu eta piloteoan nagusitzen hasteko. Eta bestetik, nekearen eraginez, Darioren aireko pilotakadek jada ez zuten hasierako abiadura berdina.

Sakez ere min handiagoa egitea lortu zuen Zabaletak bigarren erdi horretan -lau tanto egin zituen lehen jokaldiarekin, hiru jarraian- eta desabantaila hiru tantora jaistea lortu zuen, 14-17koan lehenik eta 17-20koan gero. Aipagarriak izan ziren partidako tarte horretan Zabaletaren pilotakada apartak eta Darioren erabaki taktikoak, atsedenak bi tantotan jarraian hartuz, esate baterako.

Azkenean, etxarrendarraren huts nabarmen batek eman zion 21. tantoa errioxarrari eta 17-22koak ere izan zuen bere zalantza, bazirudielako Darioren azken pilotakadak txapan jo zuela. Edozein kasutan, lehen puntua Dariorentzat, Altuna III.ak eta Lasok osatzen duten multzo zailean.

«Lehen zatia oso garrantzitsua izan da niretzat. Ez diot utzi eroso jokatzen eta abantaila hartu dut. Gero, pilotak geratu direnean, asko sufritu behar izan dut. Banekien horrela izango zela eta, elkarri opari batzuk eginda, lortu dut irabaztea», nabarmendu zuen Dariok, eskuetatik ongi amaitu ote zuen argitu gabe.

Zabaleta, bere aldetik, «haserre» agertu zen «partida erdia lotan» pasatu zuelako. «Lasaiegi hasi naiz eta garesti ordaindu dut. Gero gehiago gozatu dut, baina jada berandu zen. Hurrengorako badakit hemen hasieratik dena ematera irten behar dela, bestela ezinezkoa da irabaztea».

Dariok eta Zabaletak atsedena izango dute datorren asteburuan; Altuna eta Lasoren artekoa datorren igandean, hilaren 21ean, jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

IKUSMINA EIBARREN

Buruz Burukoari dagokionez, asteburua gaur arratsaldean itxiko dute Eibarren Joseba Ezkurdiak eta Iñaki Artolak. Jarraitzaile asko eta fidelak dituzten pilotariak dira biak, eta ziur gaur ere ez zaiela babesa faltako. Ezkurdiak distira handirik gabe amaitu zuen Binakakoa, baina izan ditu aste batzuk prestatzeko; Artolak Peña II.a kanporatu zuen aurreko igandean, itxura ona emanda.