Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Ospakizunekin jarraitu eta Txapeldunen Ligarako lehian sartzeko hitzordua

Valverdek aitortu zuen «lur hartzea» dela taldearen erronka nagusia, Vila-reali aurre egiteko. Ruiz de Galarreta zigorturik dago.

Athleticeko jokalariek Gabarraren gainean ospatu zuten Kopa.
Athleticeko jokalariek Gabarraren gainean ospatu zuten Kopa. (M. MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Athleticek aste osoa darama Sevillan irabazitako Kopa ospatzen. 40 urteko itxaronaldiaren ostean, Gabarra ateratzeko aukera egon da eta zoriontasuna izan da nagusi. Ernesto Valverdek Lezaman egindako agerraldian azpimarratu zuenez, munduari Athletic zer den erakusteko balio izan du, eta eskerrak eman nahi izan zituen.

Memoria zuri-gorrian iltzatuta geratuko den jazoera zoragarria bizi eta gero, «hodeietatik jaitsi» eta «lurreratzeko» unea iritsi dela esan zuen entrenatzaileak. Izan ere, Liga bueltan da eta Vila-real hartuko dute San Mamesen gaur arratsaldeko 18.30etik aurrera.

Kopa irabazita, Europan jokatzeko helburua bete du talde bilbotarrak. Hala ere, zortzi jardunaldiren faltan, Txapeldunen Ligarako lehian murgiltzeko aukera daukate, eta sailkapenean «gorantz» begiratzen dutela ziurtatu zuen Valverdek. Horretarako, garaipena lortzea garrantzitsua dela onartu zuen teknikariak, azken jardunaldian Atletico Madrilek Girona gainditu baitu (3-1), eta sailkapenean bost puntutako tartea ireki du talde bilbotarrarekiko. Partida berezia izango da, beraz, kontuan izanda zuri-gorriek Metropolitanon jokatu beharko dutela hilaren amaieran.

Era berean, norgehiagoka irabaziz gero, Girona sei puntutara geratuko litzateke, eta Athleticek aurretik amaituko luke liga, puntuetara berdinduta bukatzen badute.

Ajea albo batera utzi eta ospakizunek emandako hauspoari jarraitutasuna ematea izango da lehoien asmoa. Valverdek ezin izango du Kopako finalean zelairatutako hamaikakoa errepikatu, Iñigo Ruiz de Galarreta zigortuta baitago. San Mamesen omenaldiarekin amaituko dira Kopako garaipenaren ospakizunak eta, partida erakargarria denez, salgai jarritako sarrerak bukatu dira. Beste festa egun bat izango da zaleentzat, eta ohorezko pasabidea egingo diete jokalariei. Bertan izango dira 1984an Liga eta Kopa irabazi zuten taldeko ordezkariak Javier Clementerekin.

Valverderen aurretik Athleticen aulkian eseri zen Marcelino Garcia Toral arituko da Vila-real taldea zuzentzen. Asturiarrak bi urte egin zituen Bilbon, eta zuri-gorriak zoriontzeko gogotsu agertu da.