GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Asko merezi gabe, a zer eskapada egin duen Saski Baskoniak Breoganen aurka!

Gasteiztarrak 16 puntu atzetik izan ziren neurketaren hasieran, eta 1,5 segundoren faltan, 28 puntu sartu zituen Markus Howarden hiruko salbatzaileak eman zion garaipena Lugoko taldearen aurka. ACBko kanporaketen borrokan bizirik diraute.

Markus Howard heroiaren garrasia. (A. BOUZO | ACB PHOTO)

Markus Howard tartean dagoelarik, mirariak hortxe daude. Saski Baskonia 67-74 galtzen ari zen Breoganen aurka eta Howardek 1,5 segundoren faltan sartu zuen hirukoari esker 9-0eko partziala osatu eta neurketa eraman zuen.

Ez zuen inola ere irabazterik merezi izan eta Breoganek, bederatzi jaurtiketa libre huts egin arren, partida osoa aurretik eman zuen. Baina Markus Howard Markus Howard da eta bere talentuari esker Saski Baskonia dagoen lekuan dago bai Europan, baita ACB Ligan ere, kasu honetan ACB Ligako kanporaketetan sartzeko borroka bizian, bezperan Manresak irabazi eta gero.

Lehen laurdenean 16 puntuz galtzen ere izan zen Saski Baskonia eta Howarden 28 puntuek eta Costelloren beste 18 puntuek salbatu zuten, Breoganen hanka-sartzeekin batera. Halakoetan normalena galtzea da, baina normalean gertatzen denetik urruti dago Markus Howard. Eskerrak horri, a zer eskapada gasteiztarrena!

Minutu eta erdiren faltan, ordea, 67-74 atzetik ziren Dusko Ivanovicenak, Sergi Quintelaren aztikeriei esker. Gasteiztarrak, beren joko kamutsean galduta eta epaileei protestaka, ia galduta zuten. Baina Breogan beldurtu egin zen eta Baskoniak, zortea eta talentua lagun, ezinezkoa zirudiena gauzatu zuen. Ezin paparrik atera, baina garaipena etxean.