Ane URKIRI ANSOLA
ALAVES

Otzan jokatzearen ordain eskasa jaso dute babazorroek Granadan

Alavesek 2-0 galdu zuen Granadan, partida oso kamutsean. Garcia Plazaren taldea oso apal zelairatu zen eta hasi bezain laster, penaltiz, 1-0ekoa egin zuen etxeko taldeak. Lehen zatia amaitu aurretik bigarren gola ere egin zuten andaluziarrek.

Samu Omorodionek ez zuen bere egunik onena izan Granadan, futbolari moduan hazten ikusi duen zelaian.
Samu Omorodionek ez zuen bere egunik onena izan Granadan, futbolari moduan hazten ikusi duen zelaian. (Antonio Luis JUAREZ | AGENCIA LOF)

Aurten Alavesi zerbait gehiago falta zaio talde egonkor baten zantzuak agertzeko. Denboraldi txukuna sinatzen ari da Gasteizko taldea, baina erregulartasuna edo partida batzuetan zorrotzago jokatzea falta zaio. Otzantasun eta zorroztasunaren dantza horretan dabiltza Luis Garcia Plazarenak eta atzo bertsio otzana zelairatu zen, hiru hilabete pasatxo garaipenik eskuratu gabe zegoen aurkari baten aurka. Lehen Mailan jarraitzeko borroka horretan lasaitasun apur bat lortzeko sekulako aukera zuten gasteiztarrek eta ez zuten aprobetxatu. Areago, eman zuten itxurak zale ugari haserrearazi zituen.

Hasi bezain laster, Lucas Boyeren jaurtiketa indartsu batek zutoinean jo eta andaluziarren beste jaurtiketa bat Gorosabelek eskuarekin ukitu zuen, disimulurik gabe. Bi eskuak gorputzetik oso aldenduta zituela defendatu zuen jokaldia arrasatearrak eta 10. minutuaren aurretik Uzunik 1-0ekoa egin zuen.

Bi gauza on izan zitzakeen jokaldi horrek: taldea itzartzeko balio zezakeen eta oraindik 80 minutu geratzen ziren partida iraultzeko. Baina Alavesen kemena azaleratu beharrean, Granadaren lasaitasun eta konfiantza hazi ziren. Luis Rioja eta Carlos Vicente euren bertsiotik oso urrun ibili ziren, eta, zer esanik ez, Samu Omorodion. Aurrelaria etxera itzultzen zen eta aste honetan azaleratu diren berriek -klub andaluziarra salatu du gehiegizko klausulagatik- ezer onik ez zioten ekarri Melillako jokalariari.

Erasoan ez ezik, erdian ere argitasuna falta izan zitzaion. Antonio Blanco kamuts aritu zen, Panichelliri -hasieratik aritzen zen bere lehen partidan- kosta zitzaion lekua hartzea eta Guevara umezurtz geratu zen. Lehen zati osoan ez zuten aukera bakar bat ere sortu eta defentsan duda-mudatan ibili ziren behin baino gehiagotan. Nehuel Tenaglia jardun zen zorrotzen; 15. minutuan jokaldi arriskutsu bat aldendu zuen.

Atsedenaldirako zazpi minuturen faltan, ordea, estrategia-jokaldi bat urruntzeko zailtasuna erakutsi zuen Alavesek, eta Lucas Boyek, partidako jokalari onenak, ez zuen hutsik egin Sergio Ruizek atzelarien bizkarrera bidalitako erdiraketa sareetan sartzeko, burukada apal baina zorrotzarekin. Otzantasuna eta zorroztasuna ezin hobeto uztartu zituen argentinarrak.

ERREAKZIORIK EZ

Lehen 45 minutuetan Alaves goletik gertuen egon zen jokaldia 1-0ekoarekin izan zen, korner batean, Gumbauk baloia eskuarekin ukitu zuenean. Babazorroek penaltia eskatu zuten, baina epaileak ebatzi zuen lehendabizi izterrean eman ziola eta errebotez jo zuela eskuan. Partida beste aldarte batekoa izan balitz, jokaldi horrek askorako emango zuen baina, egiari zor, zerbait lortzetik oso urrun geratu zen Alaves Granadan. Bigarren zatia hasi eta berehala bi aldaketa egin zituen Luis Garcia Plazak -Rebbach eta Sola, Rioja eta Vicenteren ordez-. Freskotasuna baino ez zuen irabazi, eta berdina gertatu zitzaion Kike Garcia, Benavidez eta Simeoneren zelairatzeekin. Freskotasuna bai, baina ez argitasunik azken-aurreko sailkatuaren zelaian 2-0ekoa iraultzeko. Porrot mingarri honek ziur erreakzioa ekarriko duela hurrengo astean Mendizorrotzan.