GARA Euskal Herriko egunkaria

Polizia-indarretan arrazismoa «orokortua eta iraunkorra» dela ohartarazi du EBk

Jarrera eta jokabide arrazistak oso zabalduta daude Europar Batasuneko (EB) estatuetako polizietan, Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak (FRA) ondu duen txostenak salatzen duenez. Datu gabeziaz eta arazoari aurre egiteko legedia eraginkorren faltaz ohartarazten du agentziak.

Poliziaren arrazakeriaren aurkako kartela Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Poliziaren barruko arrazakeriak irismen handiko eraginak ditu, zeren bazterkeria soziala areagotzen du eta indar polizialekiko konfiantza kaltetzen du»; horixe dio Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak (FRA) joan den asteazkenean argitaratu zuen dokumentuak.

Vienan (Austria) egoitza duen agentziak baieztatu zuen «arraza eta etniagatiko diskriminazioaren zantzu orokortuak eta iraunkorrak» antzeman dituztela botere publikoetan, baita Poliziak gara- tzen dituen arrazaren araberako profiletan ere.

Hala erakusten dute erakunde publikoek, gizarte zibilak edo komunikabideek egin dituzten ikerketek, FRAk adierazi zuenez.

«Komentario arrazistak, geldiarazte ohikoagoak edo, are, indarkeria: horrela bizi dute Polizia Europan bizi diren jatorri etniko desberdineko pertsonek», laburbildu zuen agentziak.

«Profil etnikoak sortzea eta indarra gehiegi erabiltzea polizia-eremuko arrazismoaren adierazpenak dira, eta EBko herrialdeek aurre egin behar diete», azaldu zuen Sirpa Rautio FRAko zuzendariak.

HAMALAUTAN DATURIK EZ

2020 eta 2021. urteen artean 495 salaketa edo ikerketa erregistratu ziren datuak ezagutzera eman zituzten estatu europarretan. EBko 27 herrialdeetatik hamahiruk soilik eman zituzten datuak; gainontzeko hamalauek ezkutuan gorde zituzten edo ez dute halako daturik biltzen.

Erregistratutako kasu guztien %70 datuak modu erregularrean ematen dituzten hiru estatuetako biri dagozkie, Alemaniari eta Herbehereei.

FRAk nabarmendu zuen, egiaz, estatu gutxik erregistratzen dituztela Poliziaren arrazakeriari buruzko kasuak kategoria espezifiko batean.

Datu ofizialak behatuz gero, atentzioa ematen du arrazoi hauengatik abiatutako ikerketen edo zigortutako agenteen kopuru oso txikiak.

Oinarrizko Eskubideen Agentziak ohartarazi zuen zifra baxu hauek ez dutela esan nahi ez dagoenik arrazakeriarik EBko estatuetako polizietan. Aitzitik, kasu gehienak ez direla salatzen baieztatu zuen, eta horren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela esan zuen: biktimek ez dakitelako nora jo, uste dutelako ez dutela salaketarekin konponbiderik lortuko, edo indar polizialek ez dutelako borondaterik kasu horiek erregistratzeko.

Legeei buruz, EBko 27 estatuek euren Konstituzioetan arraza edo etniagatiko diskriminazioak debekatzen badituzte ere, bederatzitan soilik egiten diete aipamen kasu hauei polizien legerietan.

FRAren dokumentuak arraza-profilei ere begiratzen die, hau da, pertsonak arrazaren arabera kategorizatzeari. Ildo horretan, gogorarazi zuen azken azterketek erakusten dutela Europar Batasunean bizi diren pertsona beltzek, asiarrek eta ijitoek aukera gehiago dituztela poliziak atxilotuak eta zaurituak izateko, biztanleria orokorrak edo zuriak baino.

Agentziak ondutako txostenaren arabera, hiru estatuk bakarrik jasotzen dituzte zigor larriagoak funtzionario publikoek norbait diskriminatzen dutenean, eta Finlandiak eta Alemaniak bakarrik aipatzen dituzte arraza-profilekin lotutako arazoak beraien araudietan.

Egoera horren aurrean, FRAk Europar Batasuneko estatuei gomendatu zien beren legeetan arraza-bereizkeriaren gaineko debekua indartzeko lan egin dezatela eta gehiegikeriei buruzko datuen bilketa hobetu dezatela.