Hilketak eta abar
Jakinarazpen batek esnatu ninduen joan den ostegunean: O.J. Simpson hil da. Futbol amerikarreko izarra 76 urterekin zendu zen, baina ez nau kirolzaletasunak hurbildu aferara. Netflixeko dokumentala atera baino urte asko lehenago piztu zidan interesa kasuak, baina ez zen bakarra. Madeleine McCann, Columbineko sarraskia, Marta del Castillo... True crime generoa urteotan aski demokratizatu da: gero eta liburu, podcast edo serie gehiagok kontatzen dituzte benetako gertakariak, “Crims” TV3eko telesailak duen arrakastaren gisakoarekin. Honen harira, “The Guardian”-eko kazetari batek ikertu du zergatik diren kontsumitzaile gehienak emakumeak: 2010eko ikerketa batek dio Amazonen saldu ziren true crimeko liburuen kritiken %70 emakumeek idatzi dituztela. Alabaina, gizonek parte hartzen dute gehiago indarkeria kasuotan; emakumeak biktima edo bizirauleak dira. Hor datza mamia, ustez: emakume asko identifikatzen dira detektibeekin, biktimekin bezainbeste. Interesa handitu zen bereziki topaketen aplikazioak sortu zirenean: Tinderren goraldiak bat egin zuen Estatu Batuetako “Serial” podcastarekin, 2014an. Bizitza birtualari batzuek fikzio deitu arren, interesgarria iruditu zait ohartzea emakumeek kontziente segitzen dutela, ondorioak benetakoak direnean, tristuraz.