Aire eraso batean
Duela bi urte, 2021eko maiatzean aita bezala lehen aldiz bizi izan zuen israeldar armada okupatzailearen erasoa gogoan, Mosab Abu Toha poetak eraso uneko bere nia-ri emango zion aholkuari buruzko poema bat idatzi zuen. Bertan Tohak dio Israelen aire eraso batean gazatar batek ondokoa egin behar duela, “gela bakoitzeko argiak itzali / etxeko barne-korridorean eseri / leihoetatik urrun”. Israelen aire eraso batean gazatar batek “labetik urrundu / te beltza egiteaz pentsatzeari utzi / ur botila bat eskura eduki” behar du, “umeen izua / lasaitzeko nahikoa handia”. Israelen aire eraso batean gazatar batek zera egin behar du, “haur-motxila bat hartu eta bertan sartu / jostailu txikiak eta dagoen dirua / eta nortasun agiriak / eta aitaita zenaren, amama zenaren, izeben edo osaben argazkiak / eta luzez gordetako aitaita-amamaren ezkontza-gonbidapena”. Eta nekazaria bada, Israelen aire eraso batean gazatar batek “marrubi hazi batzuk sartu” behar ditu “poltsiko batean / eta lur pixka bat / bestean balkoiko loreontzitik”. Gauza horiek guztiak egin ostean, Israelen aire eraso batean Mosab Abu Toha poetak gazatarrei eskatzen die “[eusteko] / azken urtebetetzeko / tartan / zegoen zenbaki horri”.
Toha erbestean da orain familiarekin batera, baina bere poemak Gazan jarraitzen du, bertakoen euskarri.