AMAGOIA MUJIKA

Euskal Herriko lau txapeldun elkarrekin

Saioaren une bat.
Saioaren une bat. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko lau bertsolari txapeldun aritu ziren atzo Antiguan “Bilintxen Menda” izeneko bertso hamabostaldiaren barruan.

1980ko txapelketa nagusitik gaurkoetara, sei bertsolarik jantzi dute bertsolaritzako txapelik preziatuena: Xabier Amuriza (1980 eta 1982), Sebastian Lizaso (1986), Jon Lopategi (1989), Andoni Egaña (1993, 1997, 2001, 2005), Maialen Lujanbio (2009, 2017, 2022) eta Amets Arzallus (2013). Xabier Amurizak bat-bateko plaza utzia du 2016az geroztik, justu 75 urte bete zituenean. Eta Jon Lopategi 2019ko otsailean zendu zen. Beraz, plazan dabiltzan txapeldun guztiak batu zituen atzoko bertso saioak. Lizasoren lehen txapeletik Lujanbioren azkenera, 36 urte joan dira. Pentsa zenbat jira-buelta eman dituen euskal jendarteak, zenbat gairi eta zenbat tokitatik abestu dioten bertsolariek. Eta pentsa beren azala ere nola aldatu den, bertsolariaren begirada zorrotzak etengabe fintzen aritu behar baitu, bizitzea egokitu zaion jendartearen kronikalaria izatekotan. “Bilintxen Menda” bertso hamabostaldiak maiatzaren 2ra bitartean bestelako eskaintza interesgarriak eskainiko ditu (www.donostiakultura.eus).