GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Baptiste Obino: aldarrikapen politikoen bidean, bakarkako jarduera handia

Meijeko hegoaldeko horman, 25 urteko Obino alpinista frantziarrak “Pantouflage et sabotage” bidea sortu zuen, bakarka eta neguan. Lau eguneko lan eskergaren ondoren, 1.000 metro berri igo zituen. Zailtasun teknikoak: 6c eta M7.

Baptiste Obinok bakarka eta neguan jarduera azpimarragarria egin du Meijen. (Baptiste OBINO)

Baptiste Obino 25 urteko gazte bat da, frantziarra, ingurumari honetan ezezaguna. Erakusten ari da alpinismoaren teknika guztiak, ondo kudeatzeaz gainera, menderatu ere egiten dituela. Helburu ausartak aurrera eramateko gaitasun itzela du.

Hedabideen zurrunbilotik ihes egiten duen alpinista honek Pic Sans Nom-eko (3.913 m, Ecrins mendilerroa) ipar-mendebaldeko hormatzarrean ibilbide berria sortu zuen bakarkako estiloan 2021ean. Sei egun igaro zituen horma luze eta tentean. “La Makhnovtchina” (gehienez, 7b) izena jarri zion, hau da, 1918 eta 1921. urteen artean Ukrainan anarkisten iraultzak hartutako izena. Mugimendu hori komunisten aurka altxatu zen, «autoritarismoari aurre egiteko».

Hain zuzen ere, hori aipatu eta gero, aurreratu behar dugu Obinok egiten dituen jardueretan politikak tarte zabala duela. Baita alpinismoaren inguruko ikuspuntu ezberdinek ere. Hori baieztatu dio GARAri; hots, aldarrikapenaren bideari indarra ematen dio.

Joan den otsailean, 16tik 19ra, gazte honek azpimarra berezia behar duen aktibitate bat egin zuen. Meijeko Grand Pic-eko hegoaldeko horman “Pantouflage et sabotage” marra (ate birakari eta sabotajea) zabaldu zuen. Bakarka eta neguan. Bakarka jarduteko, 1.000 metro berri horiek zailtasun tekniko handiak dituzte: 6c eta M7. Orokorrean, ED+.

Bide batez esan behar dugu arrakasta hori bigarren ekinaldian lortu duela; izan ere, GEAN (Groupe Excellence d’Alpinisme National) taldeko kide batzuekin hormatzar horretan sartu zen, baina ezin izan zuten lana biribildu. Bigarrenean, ordea, bai. Helburu horretara abiatu aurretik, otsailaren 1ean, motorrak berotu zituen Ecrins mendilerroan dagoen Bec de Canard-en. Eta hori diogu, bakarkako estiloan “Canarde pas impunité la Palestina” bidea (500 m, ED-, M7+) ireki zuelako. Irakurtzen den bezala, berriro ere salaketa politikoaren bidean.

Bada, bi adibide horiekin argi eta garbi geratzen da frantziarraren joera politikoa. Egoa eta mendiaren merkantilizazioa ez ditu atsegin. Biak ala biak errefusatzen ditu, eta nahiago du mendizaletasunaren praktika egin helburu militanteak aldarrikatzeko: «Ez dut babesleen hainbat jarrera onartzen, besteak beste, gizarteari ez diolako ezer ematen. Jarrera hori ez da halabeharrezkoa; soilik, aldatu beharra dute. Adibidez, kontsumoa eta errendimendua bultzatu ordez, etorkizuneko belaunaldientzat irudimenarekin lotutako helburuak sor ditzakete. Kontsumo horrek mendiak eta naturak gure gizartean behar duten toki egokia izatea galarazten die».

Arestian aipatu dugu hedabideen lehen lerrotik ihes egiten saiatzen dela, baina Pic Sans Nom mendian egin zuen eskaladak, neurri batean edo bestean, foku horren aurrean jarri zuen.

Alabaina, lerrootako protagonistak onartu du itzuli zenean ez zuela pasio zein energia bera: «Ez nituen arrazoi egokiak mendira berriro itzultzeko. Ez ninduen zoriontsu egiten, eta, bide batez, ez nuen besteen aitortza nahi».

Modu batera edo bestera esanda, “buruhauste” horiek gainditu ditu. Agian, horren isla da Meijen eginiko bakarkako jarduera. Eta berriro itzuli da protesta politikoa egiteko: «Ate birakaria: Macron presidentearen aldeko batek sektore publikotik pribatura jauzi egiten duen bezala. Eta hori eskian jartzen dudan larruarekin gertatu zait; etxean geratu zen. Sabotajea: pioletaren burua galdu nuen lehen bilera antolatzen ari nintzenean. Susmoa dut SATA (Alpe d’Huez-eko Turismo Elkartea) izan zela. Hain zuzen ere, etekina ateratzeko edozein gauza egingo luke».

LAU EGUN

Lehen saialdi horretan, GEANeko kide diren Annabelle Bouchardon, Amaury Fouillade eta Victor Garcin izan zituen ondoan. Hormaren erdian zirenean, elurrarengatik, kide batek bi ordu igaro zituen luze batean. Egoera ikusita, atzera egitea erabaki zuten.

Otsailaren amaieran, berriz, Obinok gogotsu eta indartsu ikusi zuen bere burua. Kideei deitu zien, baina inork ez zuen denbora librerik.

Erabakia argi zegoen, bakarka saiatuko zen: «Badakit bakarkako teknikak lasaitasuna eta denbora eskatzen dituela. Baina ohituta nago, eta estilo horretan gustura eskalatzen dut. Ezustea izan nuen pioletaren buruarekin. Dena uzteko zorian egon nintzen, baina paper batzuekin zulo hori bete nuen. Ez zen egokia, baina ondo moldatu nintzen. Lehen luzeek ez zuten baldintza onik, eta lehen bibaka murruaren erdian antolatu nuen. Horma hori hegoaldeko isurian dagoenez, banekien eguerditik aurrera eguzkia bidelagun izango nuela».

Bero egin zuen, eta goitik harkaitz handiak erortzen ikusi zituen: «Gainera, Zsigmondy izeneko diedroaren azken zatiaren arroka oso hautsita zegoen. Ez zuen izotzik. Baldintza horietan banekien ez nuela gozatuko eta une zehatz batzuetan beldurtuko nintzela. Edo min hartu. Horregatik diedro horren eskuin aldera jo nuen».

Egoera hori ikusita, segurtasunarengatik, alpinista gazteak jendarmeriara deitu zuen, esateko isuri horretan eskalatzen ari zela.

Hirugarren eskalada egunean, berriz, plaka batekin topo egin zuen. Ez zuen muturreko zailtasuna, baina arriskutsua zen. Metro zorrotz horiek gainditu ondoren, Grand Pic-eko gailurra zapaltzeko aukera izan zuen. Lehen lana, eskaladarena, biribildu zuen. Leher eginda heldu zen puntu horretara. Lo-zakua atera, edateko elur pixka urtu eta, haizeteek astinduta, gaua hala nola igaro zuen.

Biharamunean bigarren lanari ekin zion, jaitsierari. Ez zen batere samurra izan. Ohiko bidera heltzeko arazoak zituenez, zabaldutako bidetik rappelatzea erabaki zuen. Nahiz eta luiziak ondoan izan zituen, Obino onik iritsi zen paretaren oinarrira.

“Pantouflage eta sabotage” sortzeko hiru egun behar izan zituen. Eta jarduera biribiltzeko, beste bat jaitsieran.

Hormatzar horretan bakar-bakarrik ibili zenez, alpinista frantziarrak baieztatu du denbora asko izan zuela hausnartzeko.

«Nire ideia politikoak dituzten aurreko belaunaldietako mendizaleen ametsak eta nireak uztartzen saiatzen naiz. Dilema baten aurrean nago: den-dena utzi kanpaina egiteko edo nire plataforma erabili ideia horiek transmititzeko. Gaurkoz erabaki ezinik nabil, eta ahal dudan hobekien biak egiten saiatzen ari naiz. Batez ere ibilbide berriei jartzen dizkiedan izenen bidez», amaitu du.