GARA Euskal Herriko egunkaria

Pablo Gonzalezi elkartasuna adierazteko jaieguna, Nabarnizen

Iganderako, apirilaren 28rako, elkartasun eguna antolatu dute Nabarnizen, bertako eta Elantxobeko herritarrek Pablo Gonzalez kazetariari elkartasuna adieraztearren. Mobilizazioa, bertsoak, bazkaria, musika eta hitzaldiak izango dira, besteak beste.

Gernikan egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bi urte baino gehiago daramatza Poloniako espetxe batean Pablo Gonzalezek, Ukrainako gerraren berri ematen ari zela atxilotu zutenetik. Igande honetarako, Nabarnizen, bertako eta Elantxobeko herritarrek elkartasun eguna antolatu dute, aske utz dezatela eskatzeko.

10.00etan hasiko da elkartasun ekitaldia, Nabarnizeko plazatik Arrolara egingo duten martxa batekin. Arrolako kastroan argazki jendetsu bat egitea dute helburu.

13.00etan Arkaitz Estiballes bertsolariak hartuko du lekukoa eta bere atzetik iritsiko dira Ramon Zallo, Garbiñe Biurrun eta Oihana Goirienaren hitz hartzeak. Asier Zugadik eta Garazi Urzaak ere hartuko dute parte, kontzertu txiki akustikoak eskainiz.

Horren ostean, Barrutiko eskolarteko lagunen mosaikoa eratuko dute; 15.00etan herri bazkaria egingo dute, eta ondoren Audience taldeko Ruben eta Gaizkaren, The Uskis, Iñigito Txapelpunk eta NAZen kontzertu akustikoak izango dira.

Otsailaren 15ean Poloniako epaile batek zortzigarren aldiz luzatu zuen Pablo Gonzalezen espetxealdia. Poloniako agintariek euskal kazetariaren aurka egindako akusazioa «Errusiaren aldeko espioitza» da, baina zehaztasun gehiagorik gabe eta frogarik gabe. Horretarako, pisu handirik ez zuten frogak erabili zituzten, hala nola Pavel Rubtsoven izenean zegoen pasaporte errusiar bat, Moskun jaiotako Gonzalezen izen errusiarrari dagokiona. Azken luzapen hau maiatzean amaituko da eta orduan berrikusi beharko du egoera epaileak.

Kazetaria 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Polonia eta Ukraina arteko mugan, errusiarren inbasioaren ondorioen inguruan informatzeko lanetan ari zela. Hasiera-hasieratik, ezin izan du harreman normalizaturik izan bere abokatu Gonzalo Boyerekin, ezta bere hurbilekoekin ere.

Lehenago, otsailaren hasieran, Ukrainako inteligentzia-zerbitzuek atxiki zuten, eta bere telefonoko informazioa kopiatu zuten; ondoren, aske utzi zuten. «Oraingoz ezin dizuet dena azaldu, baina zentzurik gabekoa da», idatzi zuen Gonzalezek orduan sareetan. «Zentzurik gabeko» egoera hori, dagoeneko, bi urte baino gehiagoan luzatu da.

LAGUNTZA ESKASA

Hasiera batean, Fiskaltzak izendatutako ofiziozko abokatu batek baino ez zuen lagundu, baina gero uko egin zion auziari.

Espetxean egon den bitartean, bere abokatuak eta familiak salatu dute espainiar kontsuletxeetako agintarien laguntza oso eskasa izan dela eta Madrilgo Gobernuak ez duela Gonzalezen egoera aztertu Poloniako homologoekin.

Ordutik, «espioitza» akusazio ez-formal anbiguoaren pean, Poloniako Radom hiriko segurtasun goreneko espetxean preso dago.