GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKI BASKONIA EUROLIGAN

Zaila da hain baliabide gutxirekin Baskoniak baino gehiago egitea

Euroligako final-laurdenetaraino iritsi da aurten Saski Baskonia, bost urtez zortzi onenen multzotik kanpo izan eta gero. Ez da meritu makala, lesioak direla, eta gaizki irten diren fitxaketak direla, oso jokalari gutxirekin moldatu baita Dusko Ivanovicen taldea. Modua asmatu behar dute, baina, gasteiztarrek, beren baliabide guztiek funtziona dezaten, aurtengoa salbuespena izan ez dadin.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Oso harro nago nire jokalarien lanaz. Akatsak egin ditugu, gauza batzuk hobeto egin genitzakeen, baina aldagelan zorionak eman dizkiet jokalariei egin duten Euroliga dela-eta, ez partida honengatik bakarrik. Taldeak bere izaera erakutsi du eta lehiakorra izan da azkeneraino». Horra Dusko Ivanovicen hitzak asteazkenean Saski Baskonia 2023/24 denboraldiko Euroligatik at geratutakoan.

Maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, igaro berri, Saski Baskonia bezalako talde langilea eguneroko ogia gogor lan eginez irabazten duen jende multzo handi horren adibide bikaina dela. Izan ere, egia da kirolari profesionalak ez direla langile soilak, baina «langileria» Saski Baskoniak baino hobeto nekez ordezkatzen du beste inork.

Gutxi gorabehera, 16 milioi euroko aurrekontua darabil Saski Baskoniak; Basketball Sphere Interneteko atariaren arabera, Euroligan azken bi denboraldietan parte hartu duten 18 kluben artean hamabosgarrena da. Oro har, Euroligak eta Europako saskibaloiak bere diru kontuen inguruan darabilen isilkeria aintzat hartuta, erreferentzia bat da, piramidearen puntan dagoen Real Madrilen 42 milioiak bezala.

APUSTUEK KALE

Orotara 19 garaipen eta 20 porrot pilatu ditu Baskoniak. Dusko Ivanovicekin 18 garaipen eta 16 porrot izan dira. Meritua, apusturik zailenek kale egin dutelako. Nico Mannionek abendua hasi arte iraun zuen Gasteizen eta ez zuen mailarik eman, ez Peñarroyarekin, ezta Ivanovicekin ere. Varesen itxura hobea eman du behintzat.

Khalifa Diopek Saski Baskonian jarraitzen du, baina egon izan ez balitz bezala. Bizkarra dela, ezker eskuko eskumuturra dela, lesioek gogor erasan diote jokalariari, eta guztira 19 partidatan ere ez du nahiko zukeen mailarik erakutsi: 2,8 puntu eta 1,9 errebote.

BALIABIDE BERRIAK

Saski Baskoniak eskura izan dituen baliabide guztiek ez dute funtzionatu. Zer esan liteke, bestela, Niko Rogkavopoulosen inguruan. Atera kontuak: 13 minutu, 6,1 puntu eta 1,7 errebote Fase Erregularrean; 19 minutu, 9,5 puntu eta 4 errebote play-inean; ia 22 minutu, 13,7 puntu, 2,7 errebote eta 1,3 asistentzia final-laurdenetan. Monekek min hartu behar izan du Ivanovicek aukera emateko.

Chima Moneke eta Codi Miller-McIntyre izan dira txanpon honen aurkia. Aurten Gasteizen zaleekin konexiorik azkarrena Monekerena izan da; haren keinuak, bere burua hauspotzeko eta jendea sutzeko hain ezagun egin dutenak, ez dira oharkabean pasatu.

Alabaina, denboraldiak aurrera egin ahala Monekeren beste aldea ere azaldu da. Tarteka euforiko eta tarteka bakarti, defentsa lanetan ez du behar adinako ziurtasunik eskaini eta azken buruan, Sedekerskis, Dani Diez eta Rogkavopoulosen lanak Chima Moneke ahantzarazi dute, 13,6 puntu eta 6,6 errebote lortu arren.

Beste kontu bat da Codi Miller-McIntyren lana. «Otsoa», Markus Howardekin batera, taldeko jokalari garrantzitsuena bihurtu da, Tadas Sedekerskis edo Vanja Marinkovicen gainetik. Otsailaren 8an Asvel Vileurbanne taldearen aurka 11 puntu, 11 errebote eta 20 asistentzia lortu zituen. Asteazkenean, Real Madrilen kontra, 17 puntu, 11 asistentzia eta 7 erreboterekin joan zen etxera. Ordezkorik ez du izan, ordea, eta 33 minutu jokatu behar izan ditu «Otsoak», batez beste.

EKIN ETA JARRAI?

Markus Howardek Real Madrili 29 puntu sartuta itxi zuen asteazkenean 2023/24 Euroliga. Batez beste 19,5 puntu sartu ditu, «trantzea» harrapatzen duen une horietan ez dirudi inork ere geratu dezakeenik eta kontratua dauka 2026raino, gainera.

Baina zeinekin? Kotsar eta Costellok ez dirudi segituko dutenik, Partizanek Marinkovic nahi du, ikuskizun dago Monekek zer egingo duen eta Codi Miller-McIntyri ez zaio eskaintzarik faltako. Eta ziurrenik Ivanovic ere ez da Gasteizen izango. Jarraitutasunik ezean, baliabideekin «asmatu» beharko da, aurtengo Euroliga berriz ere errepikatu dadin, beste bost urte itxaron beharrik gabe.