GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Nekane Artola
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

«Legeak publikotasun eredu berri bat eraikitzeko tresna izan beharko luke»

VII. Biltzarra egingo du ekainaren 22an Ikastolen Elkarteak, azkar aldatzen den egungo testuinguruan datorren hamarkadarako norabidea zehazteko asmoz. Mehatxuak daudela esan du Nekane Artola elkarteko lehendakariak NAIZ Irratian, baina aukera berriak ere zabaldu direla azpimarratu du. Besteak beste, ikuspegi nazionala indartzen saiatuko dira.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

2023ko ekainaren 12an iragarri zuen Ikastolen Elkarteak zuzendaritzaren lekuko aldaketa. Koldo Tellitu hamalau urtez elkarteko lehendakari izan ostean, Nekane Artolak hartu zion testigua. Harekin batera, Erik Etxart eta Unai Mendizabal hasi ziren lehendakariorde eta idazkari lanean, hurrenez hurren. Laster beteko du taldeak urtebeteko ibilbidea, ekainaren 22an egingo den VII. Biltzarraren testuinguruan.

Balantze ona egin zuen Artolak berriki NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan, eta trantsiziorako eta egokitzapenerako beharrezkoak diren epeen jakitun, talde osoaren elkarlanaren balioa nabarmendu zuen. Hilabete intentsuak izan direla aitortu zuen, tartean VII. Biltzarrari begira barne lanetan dabiltzalako.

Azkena, duela hamabost urte

Azken batzarra 2009an egin zuen ikastolen elkarteak, duela jada hamabost urte. Hainbat saiakera egin ziren duela zenbait urte batzarra gauzatzeko, baina pandemiaren testuinguruak asmo guztiak zapuztu zituen. Azkenean, aurten egingo da, ekainaren 22an, Iruñean.

Artolaren esanetan, aldaketa azkarrak bizi diren testuinguru honetan, datozen 8-10 urteetarako ikastolen proiektuaren norabidea zehaztea izango dute helburu. Izan ere, ikastolak oso testuinguru desberdinean sortu zirela azaldu zuen, baina gaineratu zuen egungo testuinguruan mehatxu berriak azaldu direla eta, horrez gain, aukera berriak ere bai. Azken horiek probestu nahi ditu Ikastolen Elkarteak.

Proiektu nazionala izaki, zazpi lurraldeen egoera eta jarduna josteko esfortzu berezia egiten du Ikastolen Elkarteak. Aurrera begira, hor jarri nahi dute indarra, besteak beste.

Hizkuntz ereduak, oztopo

Barnera begirako lanez gain, izan dira bestelako elementuak ere urtea intentsua bihurtu dutenak. Tartean, EAE Hezkuntza Lege berriaren onarpena. Hezkuntza komunitatearen babesik gabe onartu da, eta arantzetako bat hizkuntz ereduen mantentzea izan da. Artolak Ikastolen Elkartearen iritzia gogora ekarri zuen; bere esanetan, hizkuntz ereduek ez dute euskalduntzen eta murgiltze ereduaren aldeko apustua egin beharko litzateke: «Bidea egin behar da euskara gutxien dutenei gehiago ematen, baliabide gehiago eskainiz eta hizkuntz proiektuak erdigunean jarriz. Baina bide hori egiteko, hizkuntza ereduak oztopo dira».

Legeak aurreikusten du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntz proiektu propioa izatea eta oinarrizko helburua ikasleek B2 maila eskuratzea izango dela. Helburua ontzat eman dute ikastolek, baina zehaztasunak falta direla uste du.

Horrekin batera, kanpoko ebaluazioa behar dela azpimarratu zuen Nekane Artolak. Eta adibide bat ere jarri zuen. Berriki Ipar Euskal Herriko ikastolek UEUrekin hitzarmen bat sinatu dute kolegioa amaitzerakoan ikasleen euskara maila zein den ezagutzeko prozedura martxan jartzeko. «Neurtu, ikusi, ebaluatu eta esku hartzeak egin behar ditugu», defendatu zuen.

Publifikazio ereduak eta eztabaidaren beharra

«Hezkuntza sistema» kontzeptua bera zehaztua gelditu da Hezkuntza Legean, eskola guztiak kontzeptu horren pean bilduz eta elkarren artean parekatuz. Printzipioekin ados daudela esan zuen Artolak, baina betebeharrak zehaztea falta dela uste du.

Gogora ekarri zuen une honetan sailkapen horren pean ikastetxe asko daudela, baina zalantza egin zuen ea denek partekatzen dituzten printzipio horiek. «Ikastolek bai», ziurtatu zuen zuzendariak. Gaineratu zuen bide bat egin beharra dagoela printzipio horiek betearazteko.

Lege berriak ekarriko dituen dekretuak halabeharrez mugatzaileak izango direla aipatu zuen, baina horretaz gain, ikastetxeentzako aukerak sortzeko balio beharko luketela iruditzen zaio, «beti printzipio horiek betetzen badituzte».

Publifikazio osoaren proposamenez galdetuta, Artolak publikotasun ereduaren inguruko eztabaida sakona beharrezkoa dela azpimarratu zuen. Euskal Herrian bestelako ereduak badaudela oroitarazi zuen, eta, elkartearen iritziz, euskal gizarteak publikotasun eredu propio bateranzko bidea egin beharko luke. EAEko lege berriak eredu propio eta burujabe bat eraikitzeko tresna izan beharko luke, bere iritziz.