GARA Euskal Herriko egunkaria

Zornotzako 86 desagertuetatik aurrenekoa identifikatu dute

Gogora Institutuak Zornotzako hilerrian berreskuratutako 36ko Gerrako 86 desagertuetatik lehena identifikatu du. Zornotzako Udalarekin batera, familiari emango dizkio gorpuzkiak maiatzaren 13an. Memoria historikoarekin lotutako ekitaldi gehiago ere egingo ditu.

Aranzadiko kideak lanean, Zornotzan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zornotzako hilerriko hobian dauden 36ko Gerrako 86 desagertuetatik lehenbizikoa identifikatu du Gogora Institutuak, eta pertsona honen gorpuzkiak familiari emango dizkio ekitaldi batean.

Hitzordua heldu den maiatzaren 13an da, 18.00etan, Zornotzako udaletxean. Bertan izango dira Nerea Melgosa sailburua eta Ainhoa Salterain herriko alkatea, baita Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariak eta Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologo eta Zornotzako desobiratze lanen arduraduna ere.

Duela urtebete aurkitu zuten hobia Zornotzako hilerrian. Aranzadi Zientzia Elkarteak 51 miliziano eta gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituen 2023ko abendurako. Eta martxoan beste 14 pertsonaren hezurrak topatu dituzte.

JUAN PARDO GILI OMENALDIA

Memoria historikoari lotutako ekitaldi gehiago ere egingo ditu Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egunotan. Ostegun honetan, Juan Pardo San Gil zena omenduko du, Eusko Gudarostearen Itsas Armadako erreferentziazko historialaria, 2013an hil zena. Gerra gatazkei buruzko historialari aparta izan zen. Bere lanen artean, “Euzkadiko Guduontzia. La Marina Auxiliar de Euskadi (1936-1939)” liburua dago.

Larunbatean, berriz, Abadiñon, Saibigain tontorretik gertu, 36ko Gerrako borrokalari baten gorpuzkiak lurpetik aterako dituzte. 2023an lehen gorpuzki bat berreskuratu zuten, oraindik identifikatu gabe dagoena. Urkiolako Parke Naturalaren parte den paraje horretan gudari ugari hil ziren. Gutxienez 128k desagertuta jarraitzen dute oraindik.