GARA
BILBO

Basauriko, Etxebarriko eta Galdakaoko ikastetxeen inguruetan NO2 maila handiak neurtu dituzte

Basauriko, Etxebarriko eta Galdakaoko eskoletako inguruetan airearen kalitatea eskasa da. Emaitza hori eman dute, bederen, Ecologistas en Acción erakundeak egin berri dituen neurketek.

Bizkaiako hiru udalerri horietako eta Estatu espainoleko beste seitako -Sevilla, Mairena del Alcor, El Viso del Alcor, Cartagena, Uvieu eta Coruña- ikastetxe inguruak hartu dituzte ikerketarako eremutzat; denera, 114 ikastetxe (32 dira Bizkaikoak). Emaitzekin argitaratutako “Airearen kalitatea eskola inguruetan, 2024” lerroburuko txostenaren arabera, guzti-guztietan Osasunaren Munduko Erakundeak nitrogeno dioxidorako (NO2) gomendatutako urteko batez besteko balioa gainditzen da, eta gehienetan Europako Batasunaren Airearen Kalitateari buruzko Zuzentarauaren berrikuspenean ezarritako muga ere gainditzen dute (edo muga-mugan daude) neurketek emandako kopuruek.

Hala ere, gainerako sei udalerrietakoen kasuetan ez bezala, airearen kalitatea ebaluatu den Bizkaiko eskola horietan ez da inoiz legezko muga gainditzen.

EREMU EZBERDINAK

32 ikastetxe horietatik 14 ziren Basaurikoak, bederatzi Etxebarrikoak eta beste bederatzi Galdakaokoak. Talde ekologistak prentsa ohar bidez atzo azaldu zuenez, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskoletan egin da azterketa, bai motordun trafiko dentsitate handiko errepide inguruetan daudenetan, bai eta edukiera handiko bideetatik urrun dauden eta ibilgailuen isuri kutsatzaileekiko esposizio txikia duten inguruetan daudenetan ere.

«Arnasten den airearen kalitateari buruzko informazioa hobetu behar da, bereziki ikastetxe eta bestelako zentro sentiberen inguruetan (asistentziakoak, kirol arlokoak eta sanitarioak)», adierazi du talde ekologistak, eta motordun ibilgailu pribatuen trafikoa murriztearen alde egin du.